CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, Espainiako Zeramika eta Beira Elkartearen (SECV) ‘Elektronika eta Energiarako Zeramikak’ atalak antolatutako Elektrozeramikaren Espainiako Biltzar Nazionalaren XV. edizioa ekarriko du Gasteizera, euskal zentroarekin lankidetzan. Topaketa Villa Suso Jauregian egingo da, uztailaren 7tik 9ra.
“Aukera bikaina da Materialen Zientzien adar honetako teknologia transferitzeko prozesura hurbiltzeko; izan ere, ingeniaritzaren arlo guztietan aktiboenetakoa eta aplikazio eraginkor gehien dituenetakoa dela erakutsi du”, adierazi du Montserrat Casas – Cabanas, bileraren Batzorde Antolatzaileko presidenteak eta CIC energiGUNEren Biltegi Elektrokimikoko Ikerketa Arloko koordinatzaile zientifikoak.
Topaketaren antolatzaileek Gasteizen berrogeita hamar bat aditu biltzea aurreikusten dute, teknologia horrek hainbat arlotan dituen azken aurrerapenak aurkezteko, hauetan besteak beste: elektronika eta komunikazioak, fabrikazio-ekipoak, energia sortzea, biltegiratzea eta banatzea, nanomedikuntza, aeroespaziala, automozioa eta segurtasuna eta defentsa.
Bileraren helburua parte-hartzaile guztiak, elektrozeramikaren ulermenean eta aplikazioetan izandako aurrerapenei buruzko emaitzak, ideiak eta galderak partekatzen animatzea da. Testuinguru horretan landuko dira ikerketarekin zerikusia duten alderdi guztiak, hala nola bolumen-materialak, film meheak, hautsak, nanomaterialak, material hibridoak eta material konposatuak; eta baita modelizazioa, sintesia, prozesamendua, propietateak, aplikazioak eta gailuen funtzionamendua ere.
Zehazki, hitzaldietan eta konferentzietan honako elementu hauetan egin berri diren aurrerapenak aurkeztuko eta aztertuko dira: eroale elektronikoak, ionikoak eta mistoak eta horien aplikazioak, energia sortzeko, biltegiratzeko eta bihurtzeko materialak (erregai pilak, bateriak, superkondentsadoreak, termoelektrikoak, eguzki-gelaxkak eta katalizagailuak), zeramika piezoelektrikoak eta ferroikoak, biomedikuntzarako nanokeramikoak eta material eta gailu elektrozeramikoak fabrikatzeko prozesamendu-metodo eta teknologia berriak.
Hizlari nagusien artean daude Javier Carrasco, CIC energiGUNEko Modelizazioa eta Konputazio-simulazioa ikerketa-taldeko burua; David G. Calatayud, ComFuturo ikertzailea Zeramika eta Beira Institutuko (CSIC) Elektrozeramika Sailean; Eva Chinarro, Aplikazio Elektrokimikoetarako Materialen Taldeko (ELAMAT) arduraduna Zeramika eta Beira Institutuko (ICV-CSIC) Beira Sailean; Miguel A. laguna Bercero, Aragoiko Nanozientzia eta Materialen Institutua, INMA (CSIC-Zaragozako Unibertsitatea); eta Albert Tarancón, ICREA irakaslea eta Energiarako Material Aurreratuen Nanoionika eta Erregai Pilen Departamentuko arduraduna/IREC Energia Ikertzeko Institutua.
Programari eta izena emateko prozesuari buruzko informazio guztia esteka honetan dago.