Gasteizko Udalak eta CIC energiGUNE fundazioak (Fundación Centro de Investigación Cooperativa de Energías Alternativas) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, iraunkortasun energetikoa sustatzera bideratutako ekimenetan elkarrekin aritzeko. Alkate Gorka Urtaranek eta zuzendari nagusi Nuria Gisbertek aurreratu dutenez, hitzarmenaren bidez egiten diren lehen lanetako bat ikerketa pilotu bat izango da, udal ibilgailu elektrikoen bateriei bigarren bizialdia emateko, espazio publikoa argiztatzeko baliatuz.
CIC energiGUNE energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzea aztertzeko zentroa da, eta BRTA-Basque Research & Technology Allianceren kidea. CIC energiGUNE Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mende dago, eta nazioarteko erreferentea da. Arabako Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntza du, baita energiaren eta biltegiratzearen sektoreko Euskadiko enpresa nagusiena ere. Nuria Gisbertek zuzentzen duen entitatea energiaren biltegiratzea sustatzera bideratutako zenbait jarduera garatzen ari da.
Udalak, bestetik, Alkateen Itunarekiko atxikimendua sinatu zuen 2008an, eta horren bidez energia iraunkorrerako plan bat garatzeko konpromisoa hartu zuen. Aurten berritu du konpromisoa, eta 2030erako helburuak bere egin. Horretaz gain, duela hilabete batzuk “Vitoria-Gasteiz Green Deal” plana aurkeztu zuen COP25 Klimaren Gailurrean, zeina ekonomia berdean, gizarte kohesioan eta natur ingurunearen babesean oinarritzen baita.
Alkateak nabarmendu duenez, “Vitoria-Gasteiz Green Deal” planaren helburuetako bat da "planetak dituen erronkei aurre egiteko udalerri mailan gara daitezkeen irtenbide eta ekimenak erakarri eta abian jartzea, energia iraunkortasunarekin lotutakoak, besteak beste". Gorka Urtaranek gogorarazi du, halaber, 2019-2023 agintaldirako planean "berebiziko garrantzia" dutela "trantsizio energetikorako ekimenek, esaterako, energia iraunkorren erabileran oinarritutako mugikortasun-ereduak".
CIC energiGUNEren zuzendari nagusiak, berriz, hitzarmenak duen garrantzia azpimarratu du, horren bidez energia biltegiratzeko teknologiak baliatzea sustatuko baita, eta Gasteizen energiaren erabilera eraginkorrari begira hobekuntza ekarriko baitu. “CIC energiGUNEtik iraunkortasunaren aldeko apustua egiten dugu, eta gure ahaleginen zati bat baterien birziklatzea eta bigarren bizialdia ikertzeari eskaintzen diogu, alderdi hori gakoa izango baita herritarren kontsumo-erabakietan datozen urteetan”.
Helburu komunak dituztela ikusirik, bi erakundeek hitzarmena sinatzea erabaki dute, zeinaren bidez CIC energiGUNEk aholkuak eta laguntza emango baitizkio Udalari. Zehazki, ibilgailu elektrikoen bateriei bigarren bizialdia emateko aukerei buruzko azterlan pilotua egingo da. Hala TUVISAren garraio-ibilgailuen kasuan nola garbiketa-ibilgailuen zein beste batzuen kasuan, bizitza baliagarria amaitu ondoren bateriei beste erabilera bat emateko ahalegina egingo da, hiriko espazioko leku jakinak argiztatzea, esaterako. Horretaz gain, udal eraikinetan bero-eskaera elektrifikatzearen bideragarritasuna ikertuko da. Hitzarmenaren bitartez, halaber, sentsibilizazio eta zabalkunde jardunaldiak egingo dira, trantsizio energetikoari begira betiere.