BEPA- Batteries Europek Javier Olarte, CIC CIC energiGUNEko Teknologia Transferentziako zuzendaria, elkarteko sei lantalde estrategikoetako baten “Research Chair” izateko aukeratua izan da. Talde horrek aholkularitza ematen dio Europako Batzordeari bateriaren arloko ikerketa- eta berrikuntza-jardueren lehentasunak identifikatzeko. Olarte “Aplikazio Finkoei eta horien Integrazioari” buruzko Taldearen Ikerketa-arduraduna izango da. Talde horretako kide izango dira, halaber, Enel Xko Christina Noce, Industria-Arduradun gisa, eta Fraunhofer ISEko Matthias Vetter, Aholkulari Tekniko gisa.
“Sektorearentzat une erabakigarrian gaude, eta oso garrantzitsua eta esanguratsua da foro honetan CIC energiGUNE maila gorenean ordezkatuta egotea”, adierazi du Olartek. “Gainera, uste dut izendapenak zentroan lortzen ari diren emaitza handiak eta lehiakortasunerako bidean Europari egin diezaiokegun ekarpen handia aintzatesten dituela”.
“Research Chair”-en barruan, Olarteren ardurapean arituko den Lantaldearen zeregin nagusia teknologia-berrikuspenak eta ibilbide-orriak argitaratzea, eta Horizon Europeren lan-programetarako baterien I+G gakoak identifikatzea, lehenestea eta idaztea izango da. Bere zereginak Batteries Europeren funtsezko helburua, hau da, mundu mailako baterien industria europarraren ezarpena bizkortzea eta bultzatzea, eta EBren ekimenen arteko sinergiak eta osagarritasunak indartzea, indartuko du.