CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, Max García-Melchor doktorea eta Ikerbasque Research Professorea sartu du bere lantaldean, “Katalisirako Modelizazio Atomistiko eta Molekularreko Talde” berriaren buru izateko. Ikerketa-talde berria abian jartzearekin batera, euskal zentroak urrats garrantzitsua eman du funtsezko alderdietan sakontzeko, hala nola produktu kimiko eta erregaien ekoizpen jasangarrira bideratutako katalizatzaile berriak identifikatzeko.
“Max García-Melchorrekin sei Ikerbasque Research Professor batu ditugu CIC energiGUNEn, baita beste bi Ikerbasque Research Associate eta Ikerbasque Research Fellow bat ere. Horrek eta Stanfordeko Unibertsitatearen arabera energiaren arloan Estatuko ikertzaile garrantzitsuena den Michel Armandek, argi eta garbi erakusten dute gure proiektuak erakarpenerako duen gaitasuna, gure taldearen dimentsio zientifikoa eta, batez ere, gizarteak energiaren arloan dituen erronkei aurre egiteko ezagutza eta soluzioak emateko dugun gaitasuna”, adierazi du Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak. Eta “Ikerbasqueko giza taldeari eta Eusko Jaurlaritzari eskerrak emateko” nahia gehitu du, “etengabeko laguntzarengatik eta Euskadin garapen zientifikoaren alde egindako apustuarengatik”.
Ildo horretan, García-Melchor doktorearen etorrerak berekin ekarri du “Katalisirako Modelizazio Atomistiko eta Molekularreko Taldea” abian jartzea. Ikerketa-talde berri hori CIC energiGUNEren energia elektrokimikoa eta energia termikoa biltegiratzeko eta bihurtzeko eremuekiko zeharkakoa izango da. “Biziki eskertzen diet Ikerbasqueri eta CIC energiGUNEri erregaiak eta konposatu kimikoak ekoizteko teknologia jasangarrien garapenean Euskadik aurrera egiteko emandako aukera baliotsu hau. Erronka berri hau ilusio eta anbizio handiz hartzen dut, ziur bainago nire ikerketa-taldearekin eta CIC energiGUNEko kideekin batera, bikaintasun zientifikoarekin erantzutea lortuko dugula. Gure helburua Euskadi energia berriztagarriak bihurtzeko eta biltegiratzeko katalizatzaile berrien diseinu azkarrean erreferente gisa ezartzen laguntzea da”, adierazi du euskal zentroko ikertzaile berriak.