Nuria Gisbertek CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurtzean eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroko Zuzendari Nagusiak, goi-mailako zuzendaritzan emakumeen talentua sustatzen duten zuzendaritza taldeetako kideek osatutako WITH sarearen “Emakume Liderrak 2024” Saria jaso du. Sariak emateko ekitaldia atzo gauean izan zen, Bilboko Guggenheim Museoan ospatutako zeremonian. 300 pertsona baino gehiago bertaratu ziren, eta horietatik 150 Estatu osoko zuzendaritza taldeetako emakumeak izan ziren.
“Ohore handia da emakumeen talentuak enpresa-proiektuak gidatzeko duen gaitasuna egunero ezagutzen, partekatzen eta erakusten duten beste emakume batzuen aintzatespena jasotzea” adierazi du Nuria Gisbertek saria jasotzean. “WITH sarea bezalako ekimenak funtsezkoak dira, ez bakarrik emakume liderrak bilduko dituen ekosistema propioa sortzeko, baita emakume gazteak inspiratzeko ere, horrek bermatzen baitigu lidergo-eredu berri hau sendotzea”, amaitu du.
Aurten “Emakume Liderrak” sarien bigarren edizioa ospatu duen WITH sareko arduradunek era berezian baloratu dute Nuria Gisbertek energia biltegiratzearen arloan nazioarteko erreferentzia bihurtu den CIC energiGUNEn izan duen ibilbide profesionala. Hori guztia, gainera, langile taldearen osaeran gizonen eta emakumeen arteko parekotasun-egoerari eusteagatik nabarmenduz, aukera-berdintasunean eta zeharkako gaitasunen garapenean oinarritutako ereduari esker, mentoring-a eta coaching-a sustatuz, antolamendu-kultura hori sendotzeko funtsezko tresna gisa.