CIC biomaGUNE, BCMaterials eta CIC energiGUNE euskal ikerketa-zentroetako ikertzaileek proteina-mota bat aldatzea lortu dute elektrizitatea garraiatzeko eta biltegiratzeko gaitasuna izan dezaten. Proteina horiek material eroale jasangarri, eraginkor eta biobateragarriak sortzeko erabil daitezke. Oso material egonkorrak eta prozesatzeko errazak dira, eta, horri esker, prozesu industrialetan integra daitezke.
Azterlanaren buruak Aitziber L. Cortajarena (Ikerbasque irakaslea eta CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoa), Reyes Calvo (BCMaterialseko Ikerbasque irakaslea) eta Maica Morante (CIC EnergiGUNEko ikertzaile seniorra) izan dira; Advanced Materials aldizkari ospetsuan argitaratu dute, eta Europar Batasunaren Horizonte 2020 Ikerketa eta Berrikuntza Programaren finantzaketa jaso duen e-PROT proiektuaren barruan kokatzen da.
Lan horretan erabilitako proteinak laborategian diseinatu dira: “Errepikatzen diren bloke txikiz osatuta daude, eta bloke horiek bata bestearen atzetik mihiztatzen dira, LEGO piezak bezala. "Pieza" bakoitzak forma orokor bera du, eta, bata bestearen atzetik mihiztatzean, egitura handiago, ordenatuago, egonkorrago eta modularrago bat eraikitzen da”, azaldu dute ikertzaileek. Egitura horrek oso erabilgarri egiten ditu, funtzio espezifikoak eman baitakizkieke egitura aldatu gabe, eta horrek pertsonalizagarri egiten ditu.
Kasu honetan, ikertzaile-taldeak lortu nahi zuena proteinak elektrizitatea modu eraginkorrean eroatea zen. Horretarako, proteina fabrikatzeko jarraibideak dituen DNAn aldaketa genetikoak egin zituzten.