CIC energiGUNEk, energiaren biltegiratzean erreferentea den, eta baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoaren teknologietan espezializatuta dagoen eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, laser pultsatuaren teknikaren bitartez bateriak fabrikatzeko teknologia berrien garapena ikertuko du. Lan hori PULSELiON proiektu europarraren barruan dago. Proiektu horren bitartez, egoera solidoko baterien segurtasuna eta energia-dentsitatea hobetzeko eta mota horretako gailuak eskala handian ekoizteko atea irekitzeko produkzio-prozesua garatu nahi da.
“Egoera solidoko elektrolitoek bateria-gelaxken egungo mugak gainditzeko aukera ematen dute, tentsioari eta segurtasunari dagokienez”, gogorarazi du Jokin Rikartek, CIC energiGUNEk proiektuan duen ikertzaile nagusiak. “Hala ere, elektrolito likidoa duten ohiko gailuen alternatiba gisa behin betiko abiarazteko, energia-dentsitatea eta gailuen segurtasuna hobetuko dituen fabrikazio-teknologia garatu behar dugu, eta horretara bideratzen da PULSELiON proiektua”, ziurtatu du.
Alde horretatik, CIC energiGUNEk eta Europako beste 15 erakundek parte hartzen duten PULSELiON proiektuaren helburua, litiozko metalezko anodo batean, sulfurozko elektrolito solido batean eta nikelean aberatsa den NMC katodo batean oinarritzen diren 4b Belaunaldiko egoera solidoko bateriak fabrikatzeko prozesua garatzea da. PULSEDEON proiektuko bazkideek jada garatutako laser pultsatu bidezko deposizio-teknika berritzaile baten bitartez, urrats bakarreko huts-prozesu batean egokitu eta aldatuko da, litiozko metalez, geruza babesleez eta sulfuroz osatutako anodo-osagaien fabrikazio segururako eta eraginkorrerako.