CIC energiGUNE buru den altzairutegiko sarraren energia probetxurako REslag proiektu europarrak amaiera eman dio ikerketa faseari, 4 urteko lanaren ondoren. Horizonte 2020 ekimenaren barruan dagoen proiektuaren amaierako ekitaldia aste honetan egin da Rabaten, profesionalen eta enpresetako eta kide diren erakundeen eta instituzioen 50 ordezkari ingururen partaidetzarekin.
Proiektuaren partzuergoko bazkide den Marokoko MASEN erakundeak antolatu duen topaketan, proiektuaren azken epealdian gauzatutako aurrerapenak jarri dira mahai gainean, eta sarrak Kontzentrazioko Eguzki Plantetan (CSP) dituen aplikazio potentzialetara zuzendutako azken ekitaldia egin da. Bileran, CIC energiGUNEz gain, Sener, IK4-Azterlan, CENER, DLR, ENEA, LCE, Renotech, CEA, Fraunhofer IWKS eta IRESENeko ordezkariek hartu dute parte.
Proiektuari amaiera emateko, mahaingurua egin da parte hartu duten enpresa guztiekin, ekimenaren behin betiko ondorioak lortzeko. Orokorrean, aurrera eramandako lanak agerian utzi du altzairuaren hondakinei balio berria ematearen aldeko apustuaren potentzialtasun handia, Europako Ekonomia Zirkularraren, ingurumenaren hobekuntzaren eta garapen ekonomikoaren ikuspuntutik.