CIC energiGUNE, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroa, Estatuko eta Iberoamerikako herrialde guztietako ikerketa-fundazio garrantzitsuena da, zientziaren adar guztien artean, urtero munduko ikerketa-erakunde nagusien sailkapena egiten duen SCImago rankingaren arabera. 2022ko datuek erakusten dutenez, gainera, euskal zentroa munduko zazpigarren fundaziorik garrantzitsuena da zientziaren adar guztiak kontuan hartuta.
“Urtez urte aurrera egiten ari gara ranking honetan, eta horrek agerian uzten ditu gure lanaren eragina eta proiekzioa”, adierazi du Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak. “Izan ere, sailkapena energiaren eta kimikaren alorretara mugatuko bagenu, TOP 3an egongo ginateke eremu geografiko guztietan, gurearen antzeko zentroen rankingaren barruan.”
2022ko txostenak, gainera, adierazten du CIC energiGUNEk, mundu-mailan eta orokorrean –zientziaren adar guztietako munduko erakunde eta enpresa guztiak kontuan hartuta–, munduko top 500aren, Europa Mendebaldeko top 200aren eta estatuko top 25aren barruan dagoela.
Bere espezializazio-esparruen barruan, CIC energiGUNEk lidergo posizio nabarmena du antzeko izaera duten beste zentro batzuekiko, izan ere, planetako 2. zentrorik garrantzitsuena da Energiaren arloan, eta 3.a Kimikaren arloan. Beste erakunde batzuk sartzen badira, enpresa pribatuak besteak beste, euskal zentroak oso posizio nabarmena betetzen du zientziaren bi adarretan: Top 200aren barruan dago mundu mailan, top 50an Europa mailan eta top 15ean estatu mailan, bai energiaren ikerketan, bai kimikan.
“Nabarmendu behar da bi esparru horiei, energiari eta kimikari, buruz ikuspegi orokorretik ari garela hitz egiten” Sara Ortiz CIC energiGUNEko Finantza eta Estrategia zuzendariak gogorarazi duenez. “Energiaren biltegiratzea edo elektrokimika bezalako adar zehatzetan sakonduko bagenu, seguruenik gure ikerketa are posizio nabarmenagoetan egongo litzateke”, ziurtatu du.