CIC energiGUNE, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroak, Europako SUBLIME - Solid state sUlfide Based LI-MEtal batteries for EV applications - proiektuaren ikerketa lana hasi du. Egoera solidoan dauden baterien gelaxken belaunaldi berria garatu nahi du. Lanerako ildoaren oinarria sulfuroetan oinarritutako elektrolito ez-organikoak erabiltzea da, ibilgailu elektrikoaren bateriari fidagarritasun handiagoa, autonomia eta karga azkarra lortzea ahalbidetuko dion materiala, hain zuzen ere.
Proiektu honetan kontinenteko 15 erakunde eta enpresak parte hartzen dute, eta 7,8 milioi euroko aurrekontua du, H2020 Ikerketa eta Berrikuntzarako Europako Esparru Programak osorik finantzatuta. Helburua, egoera solidoan dauden baterien balio-kate osoa proiektu bakar batean biltzea da, elektrolito solido batek eta litio metal batek osatutako laugarren belaunaldiko bateriak (4b) deiturikoen funtzionamendua garatzeko eta frogatzeko. Hori bateriaren energia dentsitatearen hazkunde interesgarria da.
CIC energiGUNE funtsezko bazkidea da proiektu honetan; izan ere, modelatze konputazionalaren prozesua gidatzen du, bateria osatzen duten gelaxken portaera aurreikusteko eta optimizatzeko, materialik onenak oso modu eraginkorrean aukeratzeko. Halaber, elektrolito solidoei buruzko ezagutza handiari eta Europako abangoardia diren instalazioei esker, euskal zentroa liderra da materialak prozesatzen eta integratzen. Gainera, CIC energiGUNEk teknologia horren kostuen azterketa egingo du, merkatuaren eskakizunak betetzen direla ziurtatzeko eta, ondorioz, merkatuan prezio lehiakorretan sartuko dela ziurtatzeko.
Alemaniako FEV ingeniaritzak gidatutako SUBLIME proiektuak, 4 urteko gauzatze epea du, 2024ko apirilera arte. Bere helburuak lortzeko, ahalmen eta tentsio handiko materialak erabiltzea proposatzen du. Emaitza gisa, berez segurua eta kostu txikikoa den bateria lortuko da. Hasierako bilera joan den asteartean izan zen, urrunetik.
SUBLIME partzuergoa 8 enpresak eta 7 ikerketa-zentrok osatzen dute. Proiektua amaitzeko, fabrikazio komertzialaren aurreko fasean, ahalmen eta tentsio handiko egoera solidoko baterien teknologia eskuragarri egotea jarri dute helburu gisa. Gainera, Europako oso bazkide garrantzitsuen partaidetzari esker, SUBLIMEk merkatuan sartzea ahalbidetuko duen eta elektromugikortasuneranzko trantsizioa eraginkortasunez gauzatzen lagunduko duen ibilbide-orria emango du 2030erako.