Begoña Ortiz de Latierrok, CIC energiGUNEko Antolaketako eta Komunikazioko arduradunak, Arabako Teknologia Parkearen aitorpena jaso du bere ibilbide profesionala eta erakunde honek abian jarritako ekimenak garatzen eta hedatzen agertutako inplikazioa direla eta. Atzo egin zuten ekitaldia Arabako Parkeko eraikin nagusian Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak bere enpresekin urtero egiten duen bileraren baitan.
Bere ibilbide profesionalaren hasiera-hasieratik egon da Begoña Ortiz de Latierro arabarra Parkeari lotuta eta 10 urte daramatza CIC energiGUNEko antolaketako eta komunikazioko zereginean. Horren aurretik, zuzendaritzako laguntzaile kargua izan zuen enpresa hauetan: Gamesa Energía (2000-2003), Grupo Recyde taldea (2003-2008) eta Aernnova (2008-2009).
Zuzendaritzako idazkari diplomatura eskuratu zuen 1999ko ekainean Deustun (Bilbo) eta Idazkaritza exekutiboan masterra Europako Idazkaritzako Institutuan (Madril) 2003ko ekainean Begoña Ortiz de Latierrok. 2009ko urtarrilean CIC energiGUNEn hasi zen lanean eta, ordutik, Zuzendaritzako laguntzaile postuari dagozkion zereginez gain, zentroak antolatzen dituen ekitaldien komunikazioaz eta antolaketaz arduratzen da eta erakunde mailako harremanetan laguntza ematen du.
Alderdi horren baitan, Openlabs ekimena sortzen parte hartu du. Horren bidez, zentroak DBHko, Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasleak jasotzen ditu bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko. Era berean, biltegiratze elektrokimikoaren inguruan urtero Araban antolatzen den "Power Our Future" nazioarteko kongresua gai horrekin lotuta Estatuan egiten den kongresu onenen artean kokatzen lagundu du. Azken bi edizioetan, kongresuak 150 partaide baino gehiago izan ditu.
Bestalde, CIC energiGUNEko arduradunek poza agertu dute "zentroarekiko beti konpromiso maila bikaina agertu duen eta guretzat benetako motorra den pertsonari" aitorpena egin diotelako. CIC energiGUNEko zuzendari nagusiaren, Nuria Gisberten, hitzetan, "ondo merezitako aitorpena" da.