CIC energiGUNEko zuzendari nagusi Nuria Gisbertek AMPEAren “Emakumea Zientzian” saria jaso du. Lehen urtea da Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak kategoria hori saritzen duela, Arabako Teknologia Parkearekin elkarlanean, emakumeek arlo horretan egiten duten lana ezagutarazi dadila sustatzeko. Saria abenduaren 3an eman zen, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian.
Epaimahaiak kontuan hartu du Gisberten ibilbide profesionala; zehazki, hasiera-hasieratik langileen artean gizonen eta emakumeen arteko oreka gordetzeagatik nabarmentzen den Ikerketa Zentro baten gidari gisa egin duen lana, oreka hori ez baita izan arlo horretan ezarritako politika zehatz baten emaitza, baizik eta profesional bakoitzaren merituak baloratzetik eratorritako egoera. Azpimarratzekoa da oreka hori Zuzendaritza Batzordean ere gordetzen dela; hori ez da ohikoa sektorean.
CIC energiGUNEn genero- eta kultura-aniztasuna nagusi dira; izan ere, ikerlarien % 50 Euskaditik kanpokoak dira, eta 14 herrialdetako langileak aritzen dira bertan. Gaur egun, Arabako Teknologia Parkean dagoen Ikerketa Zentro Kooperatiboko ehun profesional baino gehiagotatik erdia emakumeak dira. “Aniztasuna sustatzen dugu, ikerketa aberasten duela uste dugulako eta oso harro gaude gurea emakumezko zientzia-zuzendari bat duen BRTAko lehen Ikerketa Zentro Kooperatiboa delako, Ikerbasqueko irakasle Elena Palomo, bai eta emakumezko presidente bat ere, Iberdrolako Pilar González”, adierazi du CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak.
Konpromiso hori bat dator Eusko Jaurlaritzak eta Ikerbasque Fundazioak ezarritako estrategiarekin; horren helburua da emakumeen sarbidea eta garapen profesional osoa sustatzea zientziaren, teknologiaren eta ikerketaren arlo guztietan. Ildo horretatik, CIC energiGUNE eredu aurreratua da; izan ere, bertako langileen arteko genero-arrakala herrialdeko ikerketa-erakundeen bataz bestekoa baino askoz ere txikiagoa da.
Sari-banaketan, Gisbertek CIC energiGUNEko langile guztiei eskerrak eman dizkie, oso denbora gutxian zentroa energia-biltegiratzearen arloko mundu mailako erreferente bihurtzeko egin duten ahaleginagatik eta duten konpromisoagatik. Bereziki eskerrak eman dizkio Zuzendaritza Taldeari (lau emakumek eta lau gizonek osatzen dute), heldu zenetik eskaini dioten babesagatik eta proiektuan duten inplikazioagatik. Halaber, nabarmendu egin du Arabako Foru Aldundiak urte hauetan emandako laguntza, eta bereziki aipatu du Pilar García de Salazar diputatuordea, CIC energiGUNErekin estuki lankidetzan aritzeagatik eta erakutsitako konpromisoagatik.
Horrez gain, eskerrak eman dizkio Arantxa Tapia kontseilariari, “Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak egin duen apustu ausart eta etengabeagatik, nazioartean ezaguna den energia biltegiratzeko zentro bat sortzeko”. Halaber, Gisbertek eskerrak eman dizkio Euskadiko Parkeen Sareko zuzendari Itziar Epalzari, AMPEA sarietan kategoria berri hori sustatzeagatik eta betidanik CIC babesteagatik. “Atzera begiratuz gero, ikus daiteke emakume askoren konpromisoari esker iritsi garela honaino, horrek egin du posible nik gaur ordezkatzen dudan erakunde hau ordezkatu ahal izatea. Eskerrik asko emakume horiei guztiei; zuen laguntzarik gabe hau ez zen posible izango” esan du amaitzeko Gisbertek.
Nuria Gisbert Enpresa Zuzendaritzan doktorea eta industria-ingeniaria da, eta ia 20 urte daramatza energiaren sektorean lanean. CIC energiGUNEko zuzendari izan baino lehen, CIC microGUNEko zuzendari nagusia izan zen; aurretik, Incoesa korporazioan hainbat ardura-kargu bete zituen. Horrez gain, Innobasqueko Zuzendaritza Batzordeko kidea, Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzarreko kidea, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluko Zientzia Gaietarako Aholku Batzordeko kidea eta CIC energiGUNEtik sortutako lehen enpresako, BCAREko, presidentea ere bada.