CIC energiGUNE, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea den ikerketa zentroak, ThermLab ekimena jarri du martxan, euskal industriak analisi eta testatze termikoko azpiegitura aurreratua zuzenean eskuratu ahal dezan, arlo horretan mundu mailan puntakoa den ikerlari taldearen lankidetza izateaz gain. Helburua, enpresek beren lehiakortasuna hobetzea da, euren produktuetan eta industriako prozesuetan kudeaketa termikoko kontzeptu berritzaileak ezartzearen abantailei esker. Alkargo, Cegasa, Ferchau, Gamesa Electric, Giroa, Iberdrola, Idom, Ingeteam edo Zigor enpresek, besteak beste, interesa erakutsi dute jada ekimenaren aurrean.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko Sailak Industria Zuzendaritzaren bitartez finantzatutako ThermLab proiektuak, kudeaketa termiko eskasak eragindako arazo nagusiei, batez ere prestazio teknikoen murrizketari eta produktuen bizitza baliagarriari, aurre egiteko tresna eraginkorra bihurtu nahi du. Era berean, material eta teknologia berriak zaintzeko eta esperimentatzeko antena bat jarri nahi du euskal industriaren zerbitzura, aurkikuntza zientifiko berrietan oinarritutako berrikuntza areagotua lortzeko, modu seguruan eta ingurune erraztasunak ematen dituen ingurunean.
Horrela, enpresek ezagutza disruptiboa integratu eta kudeaketa termikorako teknologia aurreratua balioztatu ahal izango dute, industriaren ikuspegitik garrantzitsua den eskalan egindako saiakuntzen bidez, merkaturatu daitezkeen garapenetan behin betiko txertatu aurretik. Gainera, ThermLabek atea irekitzen dio bero-soberakinaren aprobetxamenduari. Hori energia iturri garrantzitsu gisa kudea daiteke eskariaren arabera erabiltzeko, eta ekoizpen prozesuaren ingurumen arloko inpaktua murrizten ere laguntzen du, kudeaketa eraginkorrak kostuak eta C02 isurketak murrizten baititu.