CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurtzean eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, abiazio elektrikoa garatzeko funtsezko pieza diren eta halurozko elektrolitoa duten egoera solidoko baterietarako lehen gelaxka osoak muntatzea lortu du. Elektrolitoaren eroankortasunari, bideragarritasunari, egonkortasun termikoari eta tentsioari lotutako beste aurrerapen garrantzitsu batzuekin batera egin den lorpen hori euskal zentroa buru den eta EBk Horizonte Europa programaren bidez finantzatzen duen HELENA proiektu europarraren barruan dago.
“Aurrerapen horiek urrats esanguratsua dira abiazio elektrikoan eta ibilgailu elektrikoetan aplikatzeko bereziki egokiak izango diren egoera solidoko bateria seguruagoak, eraginkorragoak eta jasangarriagoak garatzeko bidean, eta horrek iraultza txiki baten atarian jartzen gaitu energia elektrikoaren biltegiratzearen esparruan”, adierazi du Pedro López-Aranguren proiektuaren ikerlari nagusiak.
CIC energiGUNEren ikerketa-lana funtsezkoa izan da halurozko elektrolitoa duten egoera solidoko baterien garapenaren inguruan lau aurrerapen esanguratsu garatzeko. Lehenik eta behin, halurozko elektrolitoaren hainbat mS/cm-ko eroankortasuna ezarri da, eta, horri esker, gelaxkak korronte altuetan eta tenperatura txikiagoetan ziklatu daitezke. Era berean, haluro horrekin gela lehorreko baldintzetan lan egin daitekeela frogatu da, eta, beraz, industrian aplikatzeko benetako aukerak irekitzen dira.