CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, "Aniztasuna Enpresan - Mutualia Saria”-ren hiru finalistetako bat izan da. Sari hori lan-ingurunean aniztasunaren kudeaketa aurreratu eta eraginkorra egiteagatik nabarmentzen diren enpresa eta erakundeei eman zaie. Sariak banatzeko ekitaldia atzo goizean egin da, Mutualiak Gasteizen duen egoitzan.
"Plantilla aberatsa eta askotarikoa dugu alderdi guztietan (jatorria, generoa, kultura, hizkuntza, dibertsitate funtzionala...), eta errealitate hori kudeatzeak alderdi guztietan hazten laguntzen digu", ziurtatu du Mercedes Ellacuria CIC energiGUNEko Pertsonen Arloko teknikariak, zentroa finalista dela jakin ondoren. "Gainera, uste dut aniztasun horren kudeaketan dugun ikuspegi proaktiboak garrantzi erabakigarria duela lan-ingurune integratu eta integratzaile bat sortzeko", adierazi du.
CIC energiGUNEko finalista atzo goizean bertan ezagutu da, proiektua jendaurrean jartzeko azken fasea egin ondoren. Bertan, CIC energiGUNEren hautagaitza Gamesa Gearbox eta KL Katealegaiarekin lehiatu da azken fasean. Azken hautagaitza horrek balorazio bateratu gorena lortu du epaimahai adituaren eta aretoan egon den publikoaren aldetik, eta proiektuak ezagutzeko aukera izan dute aurkezpen azkar banaren bidez.
Ildo horretan, CIC energiGUNEk -30 herrialdetako 200 profesional baino gehiagoko plantilla du, eta maila guztietan gizonen eta emakumeen arteko parekotasuna du- bi ekimen aurkeztu ditu aniztasuna kudeatzeko estrategiaren barruan: Onboarding Plana eta "Buddy System" ekimena. Lehenengo kasuan, helburua da sartzen direnetik pertsonei sistematikoki laguntzea, zentroaren balioekin lerrokatzeko, informazioa homogeneizatzeko, taldea egiteko eta integrazio azkarra ahalbidetzeko, bai ikerketa-zentroan, bai ingurunean, zeinaren etengabeko jarraipena egiten baita lehen urtean.
"Buddy System" delakoaren bidez, berriz, sarrera berriak CIC energiGUNEra ez ezik, Euskadira ere modu eraginkorrean igarotzea erraztu nahi da. Horretarako, zentroko langileak sartuko diren eta anfitrioi gisa jardungo duten profesionalekin konektatzen dira ("host"). Anfitrioi horiek beren borondatez lan egiten dute, eta funtsezkoak dira lan-eremutik haragoko harremanak sortzeko eta pertsonen integrazioa errazteko, batez ere urruneko kulturetatik datozenena.
Mutualia sariek hamargarren edizioa bete dute aurten, eta CONFEBASK, ADEGI, CEBEK, SEA eta OSALANen lankidetza dute. Sarien helburua laneko segurtasuna eta osasuna sustatzea da. “Aniztasuna Enpresan” Sariaren kasu zehatzean – Laneko Arriskuen Prebentzioko Berrikuntzari ere ematen zaio sari bat –, helburu espezifikoa da lan-baldintzak erakundea osatzen duten pertsonen ezaugarrietara egokitzera bideratutako proiektuak aintzatestea, besteak beste, generoagatik, adinagatik, arrazagatik, hizkuntzagatik edo dibertsitate funtzionalagatik pertsonen artean ez diskriminatzea bultzatuz.