CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurtzean eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, Emakumea eta Neskatoa Zientzian Nazioarteko Eguna ospatuko du, 12 eta 16 urte bitarteko umeei zuzendutako azoka ludiko-zientifiko batekin. Azoka hori otsailaren 16an izango da, Gasteizko Salburua Gizarte Etxean, eta profesionalen ordezkaritza zabalak dinamizazio-lanak egingo ditu. Ekimena, emakumeak zientzian duen eginkizuna bultzatu eta ikusarazteko helburuarekin CIC energiGUNEk Euskadiko ikerketa-eragile eta -erakunde nagusiekin batera, parte hartzen duen “Emakumeak Zientzian” programaren barruan dago.
CIC energiGUNEk bultzatzen duen “Women in Science 2024” azokak, proiektu zientifikoei lotutako hainbat tailer egitea aurreikusten du, baita antzerkia eta ikus-entzunezko emanaldiak ere. Helburua emakumeek zientzian eta teknologian betetzen duten lekua ezagutzera ematea da, sorreratik bertatik, eta Gasteiztik bertatik egunero inguratzen gaituen mundua ulertzen laguntzen duten zientzialariak zuzenean ezagutzeko aukera izatea.
Azokan parte hartzeko, beharrezkoa da “Emakumeak Zientzian” ekimenaren webgunean izena ematea, esteka honen bidez. CIC energiGUNEk gogorarazi nahi du programa, funtsean, “hainbat jardueratan parte hartuz, emakume zientzialariak ezagutuz eta izan ditzaketen zalantzak galdetuz arratsalde dibertigarria igarotzeko” prest dauden eta zientzia, teknologia, ingeniaritza edo matematikarekiko interesa duten 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dagoela.