CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferente den euskal ikerketa-zentroak, eta Teknikerrek, Fabrikazio Aurreratuko teknologietan, Azaleren Ingeniaritzan, Produktu Ingeniaritzan eta IKTetan espezializatutako zentro teknologikoak –biak Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kideak–, Flow Batteries Europe elkartearen sorreran hartu dute parte. Europako 16 erakundek osatutako elkarteak “Europan deskarbonizazioa bizkortzean, redox fluxu-baterien bidez energia biltegiratzeko soluzioen hedapena areagotuz” egingo du lan.
Flow Batteries Europek hiru helburu ditu: fluxu-baterien teknologiak eta horien balio-katea garatzeko aukerak sortzea, Europako finantzaketa-programetan teknologiaren garapena sustatzea eta negozio-aukerak sortzen laguntzea. Apirilaren 28an egindako sorkuntzako batzarrak 9 eragilek osatutako Batzorde Betearazlea hautatu zuen, besteak beste. Horien artean egongo da Raquel Ferret Negozio Garapeneko zuzendaria CIC energiGUNE ordeztuz. Kargu hauek ere hautatu ziren: presidentea (Volterion, Kees van de Kerk), presidenteordeak (Alexander Schönfeldt, CellCube; Tobias Janoschka, Jena Batteries eta Paul Vollant, Largo Resources) eta diruzaina (Guillaume Chazalet, Kemiwatt).
“Europa azkar lekutu behar da fluxu-baterien esparruan, Asiak eta Ipar Amerikak abantaila handia baitute I+G arloan eta merkataritza jardueran”, adierazi du Raquel Ferret CIC energiGUNEko Negozio Garapeneko zuzendariak. “Aliantza hau martxan jartzeak aukerak aprobetxatzea eta Europa mailan balio-kate eraginkor bat zehaztea ahalbidetuko digu”.