CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak Europako Batzordearen Horizonte Europa deialdian gehieneko arrakasta-tasa lortu du, elektro-mugikortasunera zein beste aplikazio batzuetara bideratutako prestazio handiko baterien garapenarekin erlazionatutako proiektuak sustatzeko. Zehazki, Europak euskal zentroak parte hartzen duen 9 proiektuetatik 8 finantzatzea onartu du (horietako batek CIC energiGUNE du lider gisa), eta horrek % 90eko arrakasta-indizea ematen dio, deialdi horietako ohiko arrakasta-parametroen oso gainetik.
“Europako proiektuen artean hain onarpen-maila handia lortzea ez dago edozein erakunderen esku, eta gure pertsonen lanaz eta kualifikazioaz asko esaten du”, ziurtatu du Raquel Ferret CIC energiGUNEko Negozio Garapeneko zuzendariak. “Gure merituengatik gaude Europako energia biltegiratzearen eta mugikortasunaren industriaren garapena markatuko duten eragileen taldean, eta Horizonte Europa 2021 deialdiaren emaitzak errealitate horren isla dira”, adierazi du.
CIC energiGUNE da onartutako zortzi proiektuetako baten liderra, eta bazkide teknologiko garrantzitsua da gainerakoetan; besteak beste, Toyota, Renault, Innoenergy, Umicore edo Avesta enpresek parte hartzen dute proiektu horietan, baita ospe handiko erakunde zientifikoek ere, hala nola Frantziako Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionalak (CNRS), Picardieko Jules Verne Unibertsitateak eta Austriako Teknologia Institutuak (AIT). Gainera, proiektu batzuen barruan, BRTAko beste kide batzuk ere sartzen dira, hala nola Ikerlan eta Cidetec, baita Euskal Herriko Unibertsitatea edo Polymat Fundazioa ere, eta horrek agerian uzten du Euskadik baterien arloan duen posizio nabarmena.
Horizonte Europa finantzaketa duten 8 proiektu
Zehazki, euskal zentroak HELENA proiektua koordinatuko du. Proiektu horren helburua egoera solidoko halurozko bateriak garatzea da, ibilgailu elektrikoentzat eta, bereziki, aireontzientzat, abiazio elektrikoa datozen 5-10 urteetan aireratzeko prest egongo dela uste baita. Euskal zentroaren lana kritikoa izango da; izan ere, proba elektrokimikoak eta irudi termikoak konbinatuko dituen metodologia berria garatzeaz arduratuko da, estres mekanikoa zehazteko eta baterien bizi-zikloan litioaren estaldura identifikatzeko eta kuantifikatzeko, horrela birziklatze-erabakiak optimizatzeko. Partzuergoko bazkideen artean daude, besteak beste, Austriako Teknologia Institutua (AIT), Belgikako Umicore enpresa, Herbehereetako LionVolt, Alemaniako CustomCells eta Euskal Herriko Zabala Innovation Consulting.