CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, Estatuko Ikerketa Agentziaren onespena lortu du, bere hiru proiektuk Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren “Ezagutza Sortzeko Proiektuak 2025” deialdiaren finantzaketa jaso dezaten. Proiektuetako bi indibidualak dira, eta CIC energiGUNE da erakunde betearazle bakarra; hirugarrena, berriz, euskal zentroak koordinatzen du, EHU-Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta DPIC-Donostia International Physics Centerrekin lankidetzan.
“Aurten ere oso arrakasta tasa garrantzitsua lortu dugu AEIren programa honen deialdian, eta horrek agerian uzten du gure taldearen gaitasun berritzailea”, ziurtatu du Iratxe Gonçalves CIC energiGUNEko finantzaketa publikoko arduradunak. “Gainera, ikuspegi disruptibo nabarmena duten proiektuak dira, eta eragin erabakigarria izan dezakete eremu kritikoetan, hala nola bero industrialaren deskarbonizazioan, berotegi efektuko gasen eta korronte urtsuetan dauden kutsatzaileen balorizazioan, edo ion-litiozkoen ordezko baterien teknologia berriaren garapenean”, adierazi du.
“Ezagutza Sortzeko Proiektuak 2025” deialdian sartutako lehen proiektua POLYHEDRA da, CIC energiGUNEk gidatu eta osorik gauzatutakoa, Energia Termikoa Biltegiratzeko eta Bihurtzeko Sailaren bidez. Proiektu horrek tenperatura altuetan, 400° C-tik gora, beroa hornitzeko gai den energia biltegiratze elektrotermikoaren kontzeptu berri bat garatu nahi du, eta horrek egungo soluzio komertzial gehienen oso gainetik jartzen du.