Montse Casas Cabanas, CIC energiGUNEko, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroko Elektrokimika Arloko koordinatzaile zientifikoa, aholkulari zientifiko izendatu du baterien ikerketan Erresuma Batuko garrantzitsuena den “Faraday Institution” programak, ion-sodio teknologietara zuzendutako NEXGENNA proiekturako.
“Proiektu horrek Britainia Handiko bateriaren ekosistemako eragile nagusiak biltzen ditu, denok ezagutzen ditugun unibertsitate garrantzitsuenen presentzia bereziarekin, eta aholkularitza emateko kanpoko bost erakunde zientifiko baino ez ditu, eta horietako bat CIC energiGUNE da”, adierazi du Casas Cabanas doktoreak. “Horrek agerian uzten du gure zentroak nazioartean lortu duen leku garrantzitsua”, esan du CIC energiGUNEko zientzialariak; izan ere, duela gutxi “Etorkizuneko Na-ion baterietarako egungo erronkei buruzko” online mintegi bat eman die proiektuaren bazkideei.
“Faraday Institution” bateria arloko Britainia Handiko ikerketa programa nagusia da. Horren bidez, garrantzi eta merkaturatzeko potentziala duten zientzia eta ingeniaritza arloko ikerketa-proiektuak diseinatzen eta administratzen dira. Bere ikerketa-programa industriaren beharrek definitzen dute, eta Erresuma Batuko 21 unibertsitatek eta 50 enpresa baino gehiagok osatutako partzuergoak eratzen du, 450 ikertzaileren presentziarekin.
NEXGENNA proiektuaren kasuan (Montse Casas Cabanasek Aholku Batzordeko kide gisa hartzen du parte bertan), helburua, lehiarako abantailak emango dituen hurrengo belaunaldiko Na-ion bateria-prototipo bat garatzea da. Gakoa, garatuko den prototipoak egungo erabilera askotako berun-azidozko bateriak ordeztu ditzakeela da, eta zenbait aplikaziotan Li-ion baino errentagarriagoa ere izan daitekeela. Horrek merkatu berriak elektrifikatzea ahalbidetuko luke.
NEXGENNA Faradayk finantzatzen du 11,5 milioi liberarekin, eta Lancasterreko Unibertsitateko, Cambridgeko Unibertsitateko, STFC laborategietako, University College Londoneko, Sheffieldeko Unibertsitateko eta St Andrewseko Unibertsitateko ikertzaileak eta hiru industria-laguntzaile hartzen ditu barne: Faradion, AGM eta Deregallera, eta Isis Neutron eta Muon Source. Proiektua 2023ko irailera arte luzatuko da.
Ikerketa mailan, prototipoa lortzeko, hiru ekintza espezifiko egin beharko dira: errendimendu handiagoko eta kostu txikiagoko sodio-ioien baterietarako elektrodo berritzaileen materialak aurkitzea eta garatzea; sodioaren mugikortasun handiagoa eta, beraz, potentzia handiagoa dakarten hurrengo belaunaldiko material elektrolitikoak identifikatzea; eta baterietarako materialetan aplikagarriagoak diren proba- eta karakterizazio-metodoak fintzea.