Nagore Ortiz Vitoriano, CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroko ikerlariak, ikerlari doktoreek euren ikerketa-ibilbidea garatzen jarrai dezaten Estatuko Ikerketa Agentziak Estatuko I+G zentroei emandako “Ramón y Cajal” laguntza jaso du. Laguntza hori, Estatuko garrantzitsuenetako bat, ikerlariak berak aurkeztutako Ikerketa-Plana abian jartzearekin dago erlazionatuta, eta Ortiz Vitoriano doktorearen kasuan, bateria ekologikoen garapenarekin du zerikusia.
“Nire etorkizuneko ikerketak bi teknologia estrategikoren jarraipena izango du ardatz: sodiozko eta zink-airezko bateriak”, adierazi du ikerlariak Ramon y Cajal laguntza jaso ostean. “Azken helburua aplikazio estazionarioetan eta aplikazio mugikorretan aurrerapenak ahalbidetzea da, material jasangarrietatik abiatuta bateria ekologikoak garatuz”.
Nagore Ortiz Vitoriano Ikerbasque ikerlariak Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren Materialen Zientzia eta Teknologia Arloko laguntzetarako eskabidea aurkeztu zuen, eta beste 108 eskabiderekin lehiatu zen. Estatuko Ikerketa Agentziak egindako azterketa-prozesuaren ondoren, CIC energiGUNEko zientzialariak eremu horretan emandako 16 laguntzetako bat lortu zuen. “Laguntza hau aukera profesional handia da maila pertsonalean, eta CIC energiGUNErentzat ere albiste ona dela uste dut”, adierazi du.
Estatuko Ikerketa Agentziak ezartzen duenaren arabera, “Ramón y Cajal” laguntzak Estatuko I+G Zentroetan ibilbide nabarmena duten nazio eta nazioarte mailako ikerlariak sartzea sustatzera daude bideratuta. Hautaketa, hautagaien curriculum-merezimenduetan eta ikerketa-ildo baten buru izateko gaitasunean oinarritutako lehia-prozesu zorrotz baten arabera egiten da, esperientzia zientifiko eta profesionalaren eta beren ibilbidearen independentzia kontuan izanda.