Shmuel De-Leon, bateria eta energia biltegiratze arloko nazioarteko aditu nagusietako bat, Arabako Teknologia Parkean egongo da datorren astean, industriaren egungo joerei eta epe ertaineko garapenari buruzko prestakuntza mintegi aurreratuan. CIC energiGUNEk eta BCAREk, energia biltegiratzeren alorrean balio erantsiko zerbitzuak eskaintzen dituen zentroaren spin off-ak, antolatutako ikastaroa irailaren 24an eta 25ean egingo da.
CIC energiGUNEren eta BCAREren ekimen baterakoaren helburua, garatzeko itxaropen handiak dituen sektorean ezagutza aurreratuena jasotzeko aukera ematea da. Izan ere, Europako erakundeek eta eragileek behin eta berriro azpimarratu dute beharrezkoa dela eragin handia duen eta Europa oraindik beste ekonomia batzuen atzetik dagoen industriaren erronka handiei erantzungo dizkieten koalifikazio maila altuko profesionalak lortzea.
Ibilgailu elektrikoa, aplikazio estatikoak, superkondentsadoreak eta erregai zeldak izango dira mintegiaren ardatz nagusietako lau. Horrez gain, baterien bizitza zikloaren, diseinuaren eta fabrikazioaren zenbait alderdi ere ukituko ditu. Horrela, bateriaren diseinua eta testatze prozesua oso garrantzitsuak izango dira, bateria belaunaldi berriaren garapenerako funtsezko tresnak baitira.-
Sektoreko profesionalei, ikerlariei eta ingeniariei zuzendutako prestakuntza programa 15 modulutan banatuko da. Lehen jardunaldian, bertaratuek baterien jatorriari eta bilakaerari buruzko informazio praktikoa jasoko dute, eta baita prozesu kimikoei buruzkoa ere. Ondoren, baterien kargari eta deskargari buruzko tailerrekin jarraituko da. Erabilera militarra duten baterietarako, diseinu prozesu desberdinetarako eta segurtasun protokoloetarako lekua ere egongo da.