CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroak, Europa mailako BATTERY2030Plus proiektuan hartzen du parte, Europako 14 herrialdetako beste 22 erakunderekin batera. 3 urtez, Europari energia trantsizioaren buru izateko aukera emango dioten etorkizuneko bateriak diseinatzeko ikerketa arloko erronkei erantzuten lagunduko dute.
BATTERY 2030Plus Europako Batzordeak Horizonte 2020 Programaren barruan onartu dituen zazpi ikerketa-proiekturen zerrendan dago. Programak, guztira, 40,5 milioi euroko aurrekontua eta hiru urteko iraupena du, 2020ko irailetik 2023ra. Proiektuen ikuspegi partekatua, Europa munduko lider bihurtzea da, erregai fosiletan oinarritutako gaur egungo ibilgailuak ordezkatuko dituzten ibilgailu elektrikoen etorkizuneko baterien diseinuan eta fabrikazioan. Era berean, azken helburua, prestazio tekniko hobeak dituzten bateriak, seguruagoak, iraupen luzeagokoak, Europako lehengaietan oinarrituak eta ingurumena errespetatzen dutenak diseinatzea da, Europako industriaren lidergoa bultzatzeko eta Europako Itun Berdea ezartzen laguntzeko.
Orain onartu diren zazpi ikerketak BATTERY 2030+ proiektuak aurretik egindako lanean oinarritzen dira. BATTERY 2030+ proiektua ere Uppsalako Unibertsitateak koordinatu du, eta etorkizuneko bateriak diseinatzeko ikerketa-gaiak lehenetsi ditu. Europako komunitate zientifikoaren gogoeta hori “Etorkizuneko bateria jasangarriak asmatuz – Ikerketaren beharrak eta etorkizuneko ekintzak” izeneko ibilbide-orrian islatu da. CIC energiGUNEk BATTERY 2030+ programaren aholkulari gisa hartu du parte Dokumentuan, eta Kristina Edström Uppsalako Unibertsitateko Kimika Ezorganikoko irakasle eta BATTERY 2030+ eta BATTERY2030Plus proiektuen koordinatzaileak aurkeztu zuen.
Edström irakasleak azaldu zuenez, “hainbat urtez aritu gara gure ikerketako ahaleginen oinarri den eta aurtengo martxoan aurkeztu dugun ibilbide-orria lantzen. Orain, ikerketa proiektuak hasita daude, eta gure ideiak ezagutza eta produktu berrietan, eta, noski, bateria hobeetan, gauzatzen ditugula ziurtatzen ari gara”.