Ikerbasque Fundazioak Basque Research & Technology Alliance-BRTA erakundeko kide eta energia elektrokimikoaren eta termikoaren biltegiratzean erreferentea den CIC energiGUNEko bi emakume ikerlari sartu ditu Eusko Jaurlaritzak sustatuta ikerkuntzan laguntzen duen plataforma horretako kide diren zientzialarien taldean.
Zehazki, Montse Casas-Cabanas doktorea Ikerbasque Research Associate izendatu dute, eta beraz, Fundazioko zientzialari iraunkorren parte bilakatu da; Ana Catarina Lopes, berriz, Ikerbasque Research Fellow izango da hemendik aurrera. Biek CIC energiGUNEn egiten dute lan, eta, une honetatik aurrera, Zientziaren Euskal Fundazioaren laguntza izango dute. Fundazio horrek Euskal Herriko ikerketa zientifikoaren garapena sustatzen du, ikertzaile bikainak erakarriz.
Casas Cabanas doktorea CIC energiGUNEko eremu elektrokimikoaren Koordinatzaile Zientifiko izendatu berri dute. Eremu termikoarekin batera, zentroko lan zientifikoaren zutabeetako bat da.
Montse Casas-Cabanasen ikerketa-lana energiaren biltegiratzearen barruko material funtzionalen diseinuan eta horietan gertatzen diren fenomenoen azterketan oinarritu da. Bereziki nabarmentzekoa da egoera solidoaren kimikan eta kristalokimikan duen prestakuntza, eta baita energia biltegiratzeko hainbat teknologiatan duen esperientzia ere.
FAULTS programaren garapenean parte hartu izana ere nabarmentzekoa da. Programa hori, baterien industriako ikerlariek eta profesionalek material kristalinoetako akats lauak kuantifikatzeko eta haien propietateekin korrelazioak ezartzeko erabili duten erreferentzia bihurtu da. Horrez gain, energia biltegiratzeko hainbat teknologiatarako material berrien garapenean egindako ekarpena ere azpimarratu behar da.
Casas-Cabanas doktorea Europako hainbat proiekturen eta plan nazionalen ikerlari Nagusia izan da, eta enpresa-sektorearekin erlazionatutako hainbat proiektutan hartu du parte. Era berean, CIC energiGUNEren koordinatzailea da Erasmus Mundus MESC+ masterrerako, eta CICen ordezkaria Alistore sare europarrean. Sareak, Europako 20 ikerketa-zentro eta 12 enpresa biltzen ditu, energiaren biltegiratzeari buruzko ikerketa aurreratuaren eta epe labur eta ertainean kontinenteko industriara transferitzearen inguruan.