CIC energiGUNE, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroak, webgune berria jarri du martxan, energiaren biltegiratzearen arloan ikerketa, enpresa eta talentu arloko elkargune eta erreferentzia izateko. Tresna berri horrek berarekin lan egiten duten hartzaile objektibo guztientzat zentroaren posizionamendu digitala eguneratzeko aukera emango du, eta nazioarte mailan duen erreferentziazko irudia bere irudi digitalarekin lerrokatuko du.
Webgune berria abian jartzeak, era berean, amaiera ematen dio CIC energiGUNE marka berriro diseinatzeko prozesuari, logotipoa berriztatuta –BRTAren erreferentzia logotipoan sartuz– eta hori euskarri grafiko eta ikus-entzunezko guztietan aplikatuta. Era berean, “Making sustainability real” claim-a hartu da Zentroak ingurumen, ekonomia eta gizarte arloko jasangarritasunarekin duen konpromisoaren erreferentziazko elementu iraunkor gisa.
Gaurtik erabilgarri dagoen webgune berria, hainbat irizpide kontuan hartuta diseinatu da, erabilgarritasunetik hasi eta edukiaren optimizaziora arte. Horien artean, ezinbestekotzat hartzen diren elementuak daude, web responsive izatea, besteak beste. Bisitariaren ikuspegitik, nabigazio intuitiboa ahalbidetzen du eta, batez ere, erabiltzaile bakoitzarentzat interesgarria den informazioa azkar aurkitzea errazten du. Alde horretatik, gunea hiru atal nagusiren bitartez egituratzen da, eta horietako bakoitzak multzo nagusi bat biltzen du: zientifikoa, enpresak eta talentua. Egitura hori osatzeko, CIC energiGUNEren informazio korporatiboagoari eta zientzia hedatzeari eta industriari eta gizarteari komunikatzeari (Media Center) buruzko bi atal orokor daude.
Ikerketa atalak ateak irekitzen dizkie zentroan gaur egun lantzen ari diren proiektu guztiei eta 120 ikertzaile baino gehiagoko lantaldeari –horiei 40 beste gehitu behar zaizkie, graduko eta masterreko ikasleen eta egonaldien artean–, eta bi jarduera-eremu nagusietako ikerketarako ildoak eta taldeak zehazten dira: biltegiratze elektrokimikoa eta biltegiratze termikoa. Zentroko instalazioei buruzko informazio zehatza ere ematen da. Instalazio horien artean, Europa hegoaldeko onena den prototipoak jartzeko eta gelaxkak karakterizatzeko plataforma nabarmentzen da.