Horrela, CIC energiGUNEk esparru akademikoen eta lan-arloen arteko harremanetarako programa propioa garatu du, ikasleei lanean aurki ditzaketen eta beraiengandik espero daitezkeen ezagupen zehatzak bideratzeko. “Gure ikertzaile-taldeak ikasleentzako proiektu espezifikoak prestatzen ditu, beren trebetasunak laneko errealitateari erabat lotutako ikuspegi batetik garatu eta jarduera-eremu bakoitzean eskatzen diren beharrak zuzenean egiazta ditzaten”, adierazi du Mercedes Ellacuriak Pertsonen Sailetik.
Ekimena zentroko profesional batek ikasle bakoitzari tutoretza aktiboa ematean datza. Horretarako, zeregin jakin batzuk zehazten dira eta etengabeko jarraipena egiten da, eta baita amaierako ebaluazioa ere. “Ikasleak sartzeko prozesua, CIC energiGUNErentzat eta ikasleentzat interesgarriak diren proiektuak definitzen dituen gure ikertzaile-taldetik abiatzen da”, Pertsonen Sailetik adierazi dutenez. “Proiektu horiek ikuspegi global eta estrategiko batetik aztertzen dira, eta interesa duten pertsonak bilatzeko egiten da lan, ikastetxeen bitartez, ikastetxe horiekin harreman estua izanik”.
Orain arteko esperientziak erakusten duenez, ikastetxeek eta CIC energiGUNEk elkarrekiko interesa dute. Ikastetxeentzat, ikasleei lanbide-mundutik oso hurbil dagoen esperientzia eskaintzeko modu bat da, LP-FCT (Lantokiko prestakuntza) edo Prestakuntza Duala formulen bidez. CIC energiGUNErentzat talentua erakartzeko eta gizartearen benetako beharretara bideratutako prestakuntza sustatzeko modu bat da, eta LHko, unibertsitateko gradu edo masterreko profilentzako dago eskuragarri.
Lanbide Heziketaren kasu espezifikoan, zentroaren jarduerara gehien hurbiltzen diren heziketa-zikloak honako hauek dira, besteak beste: “Laborategiko Eragiketak”, “Kalitatearen Analisi eta Kontrolerako Laborategia” eta “Energia Eraginkortasuna eta Eguzki-energia Termikoa”. Hala ere, mikroinformatikako moduluetatik edo mantentze-lan elektronikoetatik datozen pertsonentzako lekua ere badago.
Harreman-metodo horren aldeko apustua CIC energiGUNEren sorrerarekin hasi zen, “azken urteetan Lanbide Heziketara gehiago hurbildu garen arren”, esan dute. “Foro hau bezalako jarduerak eta ikasleekin izandako esperientzia nahikoak izan dira Lanbide Heziketako ikasleek gure gaitasun zientifikoak ondo osatzen dituzten ezagutza-kalitatea eta gauzatze praktikorako orientazioa dutela ikusteko”. Izan ere, praktikak amaitu ondoren horietako batzuk kontratatu egin ditugu, eta gaur egun zentroko plantillan daude.
Azkenik, ikertzaileen ikuspegitik, guztiek azpimarratzen dute “aberasgarria dela haiekin eskuz esku lan egiten duten ikasleak izatea; izan ere, alde batetik, funtsezko laguntza dira beren lanarekin, eta, bestetik, askotan lortzen dute ikasleen ikerketarekiko interesa piztea, eta hori oso pozgarria da”.