Daniel Carriazo, Basque Research & Technology Allianceko, BRTAko, kide den CIC energiGUNEko Ikerbasque ikerlaria, kontinente osoko 148 erakundek parte hartzen duten Europa mailako Graphene Core 3 proiektuko Energia Biltegiratze Lan Taldeko Lider Kidetu izendatu dute. Europar Batasunak grafenoa ekonomiaren garapenerako eragile berritzaile bilakatzeko bultzatzen duen Graphene Flagship ekimenaren hirugarren fasea da. 150 milioi euroko aurrekontu orokorra du, eta horietatik milioi bat baino gehiago CIC energiGUNEri dagozkio.
Graphene Core 3 egitasmoak 3 urteko epea du eta Istituto Italiano di Tecnología Graphene Labs izenekoak koordinatuko du. Esparru horretan, CIC energiGUNEren ikerketa arloek grafenoak Supercap izenekoetarako eta Li-S eta Na-air baterietarako duen erabilera aztertuko dute. Carriazo doktoreak “Deputy-leader” gisa egingo duen lana Energia Biltegiratzeko Lan Taldeari esleitutako zereginen barruan egongo da, ikerketa-jarduerak koordinatuz eta informazioaren eta lortutako emaitzen kudeaketa eraginkorra bermatuz.
CIC energiGUNEko Ikerbasque ikerlaria 2014tik, Daniel Carriazo kimikan doktorea da Salamancako Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionalean nabarmentzekoa da ETH-Züricheko (Suitza) Funtzio anitzeko Materialen taldean eta Madrilgo Instituto de Ciencia de Materiales (CSIC) izenekoan egin duen lana. 2017ko irailetik Superkondentsadoreei buruzko ikerketa zuzentzen du CIC energiGUNEn. Orain, Graphene Core 3n “Deputy Leader” gisa jaso duen izendapena, Carriazo doktorearen ibilbide zientifikoari eta CIC energiGUNEko taldeak hasieratik Graphene Flagship proiektuari egindako ekarpenari egiten zaion aintzatespena da.
Europaren apustua grafenoaren alde
Graphene Flagship proiektuaren helburua ikerketa akademikoa eta industriala uztartzea da, grafenoak laborategietatik ekoizpen katera salto egin dezan lortzeko, epe ertainean hazkunde ekonomikorako eta enplegua sortzeko eragile bihur dadin. Partzuergoa 20 herrialdetako 148 erakundek osatzen dute, eta horien artean CIC energiGUNE dago, BRTAko beste hiru zentrorekin (CIC nanoGUNE, CIC biomaGUNE eta Tecnalia) eta bi euskal enpresarekin (Graphenea eta Aernnova) batera.
Graphene Core 3, asmo handiko proiektu horren hirugarren fasea da, eta 2020ko apiriletik 2023ko apirilera bitartean gauzatuko da. Etapa horren oinarrizko helburua teknologia aurreratuko maila altuagoetarako trantsizioa bizkortzea da, eta horrek merkatura bideratutako proiektu teknologiko aitzindarien kopurua nabarmen handitzea ekarriko du.
Graphene Flagship izan zen, Human Brain proiektuarekin batera, Europako Batzordeak FET (Future and Emerging Technology) programaren barruan onartu zuen lehenengo Flagship ekimena. Ekimen horren helburua gure garaiko erronka zientifiko eta teknologiko nagusiei aurre egitea da, diziplina anitzeko ikerketa uztartzen duen epe luzeko ikuspegiaren bitartez.