1946an Frantzian jaiotako Michel Armandek 80ko hamarkadaren amaieran hasi zuen litiozko bateria birkargagarriei buruzko ikerketa –polimero solidozko elektrolitoarekin duen konbinazioaren bitartez–. Lan horiek, erlazionatutako teknologia nagusien garapenerako aukera eman dute, ibilgailu elektrikoarena, besteak beste. Gaur egun, CIC energiGUNEko elektrolito solido ikerketa sailaren arduraduna da, eta bertan, etorkizuneko ibilgailu elektrikoek eramango duten egoera solidoko bateria lortzera zuzendutako lan taldea koordinatzen du.
2019ko Kimika Nobel sariarekin duen erlazioa
Michel Armandek harreman estua du 2019ko Kimika Nobel saria jaso duten ikerlariekin, John Goodenoughekin eta Stanley Whittinghamekin, batez ere. Izan ere, nazioarteko komunitate zientifikoaren parte batek modu publikoan erakutsi du bere harridura Armand saritutakoen taldetik kanpo geratu izanagatik. Horrela, zientzialari frantsesak lankidetza patente bat eta argitalpen bat ditu Goodenoughekin batera eta 2016an, orain Nobel saria irabazi duen ikerlariaren berariazko jende aurreko aintzatespena jaso zuen Armandek, bere ibilbide zientifikoaren 40. urteurrena zela eta eskaini zitzaion omenaldian, “elektrolito polimerikoaren garapenaren aitzindari” gisa egin duen lanarengatik, eta litio ion LFP baterien teknologia hobetzeko egin duen apustuarengatik.
Stanley Whittinghamekin ere argitalpen bateratu bat du, 70eko hamarkadaren hasieran, Robert Hugginsen zuzendaritzapean, Stanfordeko Unibertsitatean batera egin zuten lanaren ondorioa. Horrez gain, Akira Yoshino japoniarrarekin egon da goi mailako nazioarteko hainbat kongresutan.
Bere ikerketa ibilbidearen hasiera patenteak sortzera eta finkatzera bideratu zuen eta, ondorioz, garai horretan ez zuen artikulurik argitaratu. Hala ere, Armanden curriculumean 400 argitalpen, 200 patente eta 30 tesi zuzendaritza agertzen dira. Horrez gain, oso aintzatespen garrantzitsuak jaso ditu, Europako Elektrokimika Sozietatearen Volta Domina edo Zientzien Frantziako Akademiaren Aymé Poirson Saria, besteak beste, eta Honoris Causa Doktore da Upsalako (Suedia) eta Deakingo (Australia) Unibertsitateetatik.
Hasieratik CIC energiGUNEn aurrera eraman duen lanarekin bat etorriz, Michel Armanden iritziz funtsezko hiru alderdi daude etorkizuneko baterietarako soluzio egokiaren garapenean: erabilitako materialen jasangarritasuna, energiaren dentsitatea eta segurtasuna. “Orain arte, polimerozko elektrolitoan egindako ikerketak proiektu industrial bat sortu du, Blue Solutions izenekoa, eta orain nahi dudana, jasotako 30 urteko esperientzia baliatzea eta CIC energiGUNEko taldearekin aurrerago joatea da”, adierazi du zientzialari frantsesak. Zientzialari batzuek esan dute Armand “etorkizuneko baterien hurrengo aita nagusia” dela, mugikortasun elektrikoaren bidea markatzera deituta dagoen bateria mota baten garapenean egiten ari den lanarengatik.