Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroak, “Retos Investigación 2019” deialdira aurkeztu dituen hiru proiekturen finantzaketa onetsi du. Onartutako proposamenek, dentsitatean, iraunkortasunean edo material berrien identifikazioan egungo baterien mugak gainditzeko aukera emango duten material edo teknologia berriak identifikatzeko helburua partekatzen dute.
Zehatzago esanez, hauek dira hautatutako hiru proiektuak: NIB MOVE, sodio-ioneko baterien lehiakortasuna hobetuko duten material berriak identifikatzera bideratua; 3DACCESS, kobaltorik gabeko dentsitate handiko egoera solidoko bateria sortzea helburu duena; eta ION SELF, material berriekin esperimentatzeko prozesua erraztera bideratua.
NIB MOVE, UPV/EHUrekin lankidetzan gauzatutako UMANA izeneko proiektu handiagoaren barruan dago, eta sodioan oinarritutako energia elektrokimikoa biltegiratzeko teknologien hurrengo belaunaldirako materialak identifikatzea bilatzen du. CIC energiGUNE barruko ikerketaren buru Montse Galcerán eta Damien Saurel dira, eta material horiek aztertzea, baliozkotzea eta optimizatzea du helburu.
Sodio-ion teknologia litio-ionaren alternatiba onenetakoa dela abiapuntutzat hartuta, kotizazioak murrizteari eta ingurumen-eraginari dagokienez, NIB MOVEk, teknologia horri eraginkortasun handiagoz erantzungo dioten eta litio-ionaren aldean sodio-ionaren lehiakortasuna hobetuko duten katodoak, anodoak eta elektrolitoak identifikatu nahi ditu. Ikerketari esker, helburu hori lortzeko funtsezkoak diren egiturazko prozesuak zehaztu ahal izango dira.
Aurreko kasuan bezala, 3DACCESS ekimena, 3DPASSION izeneko proiektu zabalagoaren parte da. Egoera solidoko baterietarako zeramika aurreratuak lortzeko helburu orokorrarekin, CIC EnergiGUNEren 3DACCESS azpi-proiektuak, Europako enpresek eskatzen dituzten balioen pareko energia-dentsitatea emango duen egoera solidoko bateria lortzera bideratzen du bere ikerketa-prozesua. Horretarako, elektrolito solido fin bat kobaltorik gabeko eta kostu txikiko tentsio handiko material batekin konbinatzearen aldeko apustua egingo da, litio metalarekin, adibidez.
CIC energiGUNE barruan Montse Casas-Cabanas eta Frederic Aguesse ikertzaileek gidatutako 3DACCESSen erronka litio metalaren erabilera zailtzen duten oztopoak gainditzea da, elektrolito likidoekin konbinatuta tentsio handiko katodoak lortuz. Egoera solido polimerikoko bateriak ere garatuko dira, tentsio handiko katodoekin, funtzionamendu tenperatura altuak eragindako elektrolitoaren eroankortasun-mugak gaindituz. Bi arazo horiei aurre egiteko, 3DACCESSek 3Dan egituratutako egoera solidoko bateria berri bat garatuko du, 5V-raino egonkorra eta elektrolitoen mailan konduktibitate handiak erakusten dituena.
Bestalde, ION-SELF, energia biltegiratzeko materialetarako laborategi autonomoa sortzeko apustu gisa aurkezten da. Gaur egun, litio-ioneko bateriak merkatuko ahalmen handiko bateriarik indartsuenak dira, baina ia energia-dentsitatearen mugara iritsi dira, eta, beraz, ezinbestekoa da sistema eta kimika berriak premiaz aztertzea. Erronka hori onartzeko, ikuspegi disruptibo berriak behar dira, Adimen Artifizialeko metodoak erabiliz, material elektroaktibo berrien aurkikuntza eta ulermena bizkortzeko tresna hobeak garatu ahal izateko.
CIC EnergiGUNEtik, Javier Carrasco eta Marine Reynaud buru dituen proiektu horren bitartez, egin aurretik ere material elektroaktiboak garatzea ahalbidetuko duen eta esperimentu automatizatuen emaitzen iragarpen eraginkorrak egiteko gai izango den plataforma automatizatu eta autonomoa diseinatu nahi da. Horrela, ION-SELFek baterietarako material berriak identifikatzeko beharrezko esperimentu kopurua nabarmen murrizteko aukera emango du, eta, horretarako, Adimen Artifizialeko tresnetan oinarrituko da.