Bateria bat ez da zahartzen hasten gutxiago irauten duela ohartzen garenean. Lehen zikloetatik bertatik, erabilera-baldintza bakoitzak arrasto txikiak uzten ditu haren materialetan, interfazeetan eta osagaietan. Denborarekin, aldaketa horien metaketak edukiera-galera, erresistentziaren igoera eta baldintza zorrotzetan ematen duen erantzunaren aldaketak eragin ditzake.

 

Mekanismo horiek nola sortzen diren eta elkarri nola eragiten dioten ulertzea funtsezkoa da energia biltegiratzeko sistema iraunkorragoak, fidagarriagoak eta seguruagoak garatzeko.

Kanpotik begiratuta, bateria baten zahartzea prozesu sinplea dela irudi dezake: ziklo kopuru jakin baten ondoren, energia gutxiago biltegiratzen du, eta haren prestazioak ez dira lehen bezalakoak. Hala ere, erabiltzaileak hautematen duena bilakaera askoz konplexuago baten kanpoko adierazpena besterik ez da. Zelularen barruan, aldi berean, eraldaketa kimikoak, elektrokimikoak, termikoak eta mekanikoak gertatzen dira. Elektrodoei, elektrolitoari eta interfazeei eragiten diete, eta ez dute zertan erritmo berean aurrera egin edo kausa bakar baten ondorio izan.

Horregatik, «degradazioaz» fenomeno bakarra balitz bezala hitz egitea engainagarria izan daiteke. Interfazeetako geruzen hazkundea, litio metalikoaren jalkitzea, elektrolitoaren degradazioa, elektrodoen bolumen-aldaketak edo egitura-kalteak batera gerta daitezke, eta elkar indartu. Gainera, tenperaturak eta funtzionamendu-baldintzek prozesu horietako batzuen bilakaera-abiadura baldintzatzen dute; ondorioz, bi bateria berdin beren bizitzako une berera irits daitezke, baina barne-egoera oso desberdinetan.

Beraz, adin kronologikoak edo ziklo kopuruak historiaren zati bat baino ez dute kontatzen. Bateria batek prestazioak zergatik galdu dituen benetan ulertzeko, haren erabilera-historia berreraiki behar da: nola erabili den, barruan zer aldaketa gertatu diren eta aldaketa horiek haren portaeran zer eragin duten. Zahartzearen arrastoak horrela irakurrita, sintoma hutsa behatzetik haren jatorria identifikatzera igaro gaitezke.

Erabilera bakoitzak arrasto bat uzten du bateriaren barruan

Bateria baten funtzionamenduan ioiak mugitzen dira, karga transferitzen da eta materialen arteko interfazeetan erreakzioak gertatzen dira. Funtzionamendu normal horrek zelularen egoera aldatzen du pixkanaka. Aldaketa batzuk berezkoak dira, eta beste batzuk areagotu egin daitezke erabilera-baldintzak zorrotzagoak direnean. Garrantzitsuena da emaitza ez dagoela bateria zenbat erabiltzen den soilik kontuan hartuta; nola erabiltzen den ere erabakigarria da.

Zahartzearekin lotutako fenomenoetako bat SEI geruzaren hazkundea da. Anodoan sortzen den interfaze-geruza bat da, eta haren bilakaerak litio aktiboa kontsumi dezake pixkanaka. Hasierako geruza hori eratzea beharrezkoa bada ere litio-ioizko bateria askoren funtzionamendu egonkorrerako, geruzaren etengabeko hazkundeak karga- eta deskarga-zikloetan parte hartzeko erabilgarri dagoen litio kantitatea murrizten du.

Horri beste mekanismo batzuk gehi dakizkioke, hala nola lithium plating delakoa: litioa metal gisa jalkitzen da anodoaren gainazalean, haren egituran behar bezala txertatu beharrean. Fenomeno horrek bateriaren eraginkortasuna murriztu dezake eta, baldintza jakin batzuetan, segurtasunari ere eragin diezaioke. Elektrolitoaren degradazioa ere prozesu garrantzitsua da; izan ere, nahi gabeko erreakzioek osagai aktiboak kontsumi ditzakete, eta barne-erresistentzia pixkanaka handitzen lagundu.

Zahartzeak alderdi mekanikoa ere badu. Elektrodoak osatzen dituzten materialek bolumen-aldaketak izaten dituzte kargatzean eta deskargatzean, eta hedapen eta uzkurdura horiek behin eta berriz gertatzeak haien egitura alda dezake pixkanaka. Anodoan, aldaketa horiek elektrodoaren eta haren interfazeen osotasunari eragin diezaiokete; katodoan, berriz, neke mekanikoak pitzadurak agertzea erraztu eta prestazioen galera bizkortu dezake.

Zelula, beraz, ez da sistema estatikoa. Haren materialak denborarekin eraldatzen dira, eta eraldaketa horiek osagaien arteko kontaktua, ioien eta elektroien garraio-bideak eta, azken batean, bateriaren portaera orokorra alda ditzakete.

Tenperaturak beste aldagai erabakigarri bat gehitzen du. Ez du beti degradazio-mekanismo independente gisa jokatzen; aitzitik, zelularen barruan dagoeneko gertatzen diren erreakzio asko bizkortu ditzake. Tenperatura altuen eraginpean denbora luzez egoteak nahi gabeko prozesuak sustatu, zahartze-abiadura handitu eta eskuragarri dauden segurtasun-marjina termikoak murriztu ditzake. Beste tenperatura-baldintza batzuek, berriz, erreakzio elektrokimikoen zinetikari eragin diezaiokete.

Horregatik, bateria baten historia termikoa haren karga- eta deskarga-zikloen historia bezain garrantzitsua da. Era berean, karga-egoerak, zelularen kimikak, formatuak, aplikatutako korronteek edo zikloen sakonerak denboran zehar nola bilakatzen den baldintzatzen dute. Beraz, edukieraren balio isolatu bat edo ziklo kopuru jakin bat ez dira nahikoak haren osasun-egoera osorik deskribatzeko.

Ikuspegi horrek bizitza erabilgarria ulertzeko modua aldatzen du. Zelula guztientzat bilakaera bera irudikatu ordez, erabilera-historia desberdinak kontuan hartzea da egokiena, bakoitzak arrasto desberdinak pilatzen baititu. Urteetan baldintza termiko eta elektriko jakin batzuen mende egon den bateria batek beste bilakaera bat izan dezake, teknologia bereko beste bateria bat erabilera-profil desberdinarekin funtzionatu bada. Alde horretatik, degradazioa zelularen bizitzan gertatutakoaren memoria fisikoa da.

Bateria bat ez da modu bakarrean zahartzen

Zahartzearekin lotu ohi den lehen seinalea edukiera-galera da. Baina ez da bakarra. Barne-erresistentzia handitu egin daiteke denborarekin, eta zelulak potentzia emateko edo jasotzeko duen gaitasuna mugatu. Aldi berean, materialen eta interfazeen zenbait aldaketak funtzionamendu-baldintza arruntetan edo muturrekoetan duen portaera alda dezakete.

Edukiera, erresistentzia eta segurtasuna elkarri lotutako alderdiak dira, baina ez dira baliokideak. Hirurak batera aztertzeak bateria baten benetako egoeraren irudi askoz osoagoa ematen du, ziklo kopuru jakin baten ondoren zenbat energia biltegira dezakeen soilik aztertzeak baino.

Hori bereziki garrantzitsua da, bateria batek ez duelako zertan arrazoi bakar batengatik huts egin, eta ez duelako beti ibilbide lineal bat jarraitzen «berria» denetik «bizitza erabilgarriaren amaierara» arte. Degradazio-mekanismo desberdinak aldi berean jardun daitezke, intentsitate desberdinekin eta zelularen eremu desberdinetan. Batzuek material aktibo erabilgarriaren kantitatea murrizten dute pixkanaka; beste batzuek barne-erresistentzia handitzen dute; eta beste batzuek elektrodoen egitura edo interfazeen egonkortasuna alda dezakete.

Era berean, prestazioak galtzeak ez du automatikoki esan nahi bateria segurtasunik gabe dagoenik. Degradatutako bateria bat ez da nahitaez bateria arriskutsua. Gakoa da jakitea zer mekanismo dauden, noraino iritsi diren eta nola baldintzatzen duten bateriaren erantzuna aplikazio bakoitzean eta funtzionamendu-egoera desberdinetan.

Hori dela eta, segurtasuna aztertzean, zelularen zahartze-egoera eta historia elektrokimikoa eta termikoa ere kontuan hartu behar dira. Karga-egoera, kimika, formatu eta zahartze-maila desberdinetako bateriak alderatzeak estimulu beraren aurrean zergatik eman ditzaketen erantzun desberdinak hobeto ulertzen laguntzen du.

Harreman hori berariaz diseinatutako saiakuntzen bidez azter daiteke. Saiakuntza horietan, funtzionamendu normalean aurkituko lituzketenak baino baldintza termiko, elektriko edo mekaniko zorrotzagoen mende jartzen dira zelulak. Berotze kontrolatuak, gehiegizko berotzeak, gainkargak, gehiegizko deskargak, kanpoko zirkuitulaburrek eta zenbait zulaketa- eta konpresio-probak hutsegite-modu desberdinen hasiera eta bilakaera aztertzeko aukera ematen dute.

Saiakuntza horietan, tenperaturak, presioak, gasen bilakaerak, tentsioak edo korronteak zelularen erantzunari buruzko informazioa ematen dute, baita haren kimikaren, diseinuaren eta aurretiko egoeraren araberako desberdintasunei buruzkoa ere. ARC kalorimetria bezalako teknikek, gainera, bilakaera termikoa modu kontrolatuan aztertzeko eta thermal runaway edo ihes termikoa bezalako fenomenoak ikertzeko aukera ematen dute.

Helburua ez da bateria bat hutsegitera eramatea soilik. Benetan garrantzitsua da prozesua noiz hasten den ulertzea, aurretik zer seinale agertzen diren, nola bilakatzen den eta erantzun horrek zelularen aurreko historiarekin zer lotura duen jakitea.

Ikuspegi hori bereziki garrantzitsua da mugikortasuneko eta energia-biltegiratze geldikorreko aplikazioetarako. Horietan, urteetako funtzionamenduan fidagarria izatea hasierako prestazioak bezain garrantzitsua da. Degradazioaren, erabilera-baldintzen eta egoera zorrotzen aurrean ematen den erantzunaren arteko harremana ezagutzeak funtzionamendu-mugak hobeto zehazten, teknologiak alderatzen eta edukiera erabilgarria soilik aztertuta oharkabean gera litezkeen portaerak hautematen laguntzen du.

Arrastoak irakurtzea, bizitza erabilgarria luzatzeko eta segurtasuna hobetzeko

Bateria batek prestazioak galdu dituenean, haren edukiera neurtzeak zenbat aldatu den erakusten du, baina ez du nahitaez azaltzen zergatik gertatu den. Bi zelulak antzeko edukiera-galera izan dezakete, baina mekanismo guztiz desberdinen ondorioz iritsi puntu horretara. Kausa berreraikitzeko, diagnostiko-maila desberdinak uztartu behar dira, eta bai erantzun elektrokimikoa, bai bateriaren egitura eta materialak aztertu.

Azterketa teknika ez-inbaditzaileekin has daiteke; horien bidez, zelularen barruko informazioa lor daiteke desmuntatu gabe. X izpien mikrotomografiak, adibidez, egitura-ezaugarri jakin batzuk aztertzeko eta barne-aldaketak hautemateko aukera ematen du, bateria osorik mantenduz.

Diagnostikoan sakondu behar denean, zelula modu kontrolatuan irekitzeak haren osagaietara zuzenean iristeko aukera ematen du, eta zelula zilindrikoak, prismatikoak edo pouch motakoak baldintza egokietan aztertzea ahalbidetzen du. Ondoren elektrodoak, elektrolitoak, interfazeak eta gainerako osagaiak aztertuta, jalkinak, egitura-aldaketak, nahi gabeko erreakzioen produktuak edo prestazio-galeraren erantzule diren mekanismoak identifikatzen laguntzen duten bestelako arrastoak aurki daitezke.

Karakterizazio-teknika aurreratuek informazio hori osatzen dute, materialetan ikusitako aldaketak bateriaren osasun-egoerarekin eta hutsegite-moduekin lotuz. Horrela, post-mortem analisia ez da jada huts egin duen zelula baten «autopsia» hutsa: haren zahartze-historia berreraikitzeko tresna bihurtzen da.

Ikerketa hori saiakuntza elektrokimikoetarako laborategiekin, klima- eta segurtasun-ganberekin eta zelulen erantzun termikoa aztertzeko ekipamendu espezifikoekin osatzen da. Benetako diagnostiko-gaitasuna informazio hori guztia batera interpretatzean agertzen da: materialek erakusten dutena, prestazioen bilakaera, erabilera-baldintzak eta segurtasun-saiakuntzen aurreko erantzuna.

Karga-egoera, kimika, formatua eta zahartze-maila alderatzeak, eta ikusitako erantzuna historia elektrokimiko eta termikoarekin lotzeak, datu esperimentalak diagnostikorako eta biltegiratze-irtenbideak alderatzeko informazio erabilgarri bihurtzen ditu. Baliozkotzearen helburuaren arabera, saiakuntza horiek baterien segurtasunari eta garraioari lotutako arau espezifikoak betez ere egin daitezke.

CIC energiGUNEn, ikuspegi integratu hori merkatuan dauden teknologietan zein garatzen ari diren sistemetan aplikatzen da. Degradazioaren eta segurtasunaren arloko gaitasunek litio-ioizko eta sodio-ioizko bateriak, metal-aire eta litio-sufre sistemak, zinkean edo nikelean oinarritutako kimikak, elektrolito solido, polimeriko edo zeramikodun bateriak, superkondentsadoreak eta sistema hibridoak hartzen dituzte barne.

Printzipioa antzekoa da kasu guztietan: degradazioaren arrazoiak identifikatzea, portaera baldintza adierazgarrietan baliozkotzea eta arriskuak aurreikusteko eta fidagarritasuna hobetzeko ezagutza sortzea.

Benetako baldintzak erreproduzitzeko, saiakuntza kontrolatuak diagnostiko aurreratuarekin uztartzeko eta zuzenean aplika daitezkeen ondorioak ateratzeko aukerari esker, hutsegitearen deskribapen hutsetik harago joan daiteke. Informazio horrek aplikazio bakoitzerako teknologia egokiak identifikatzen, funtzionamendu-baldintzak optimizatzen, bizitza erabilgarria luzatzen, sistemak behar baino lehen ordezkatzearekin lotutako kostuak murrizten eta produktu berrien garapena bizkortzen lagun dezake, baliozkotze- eta ikaskuntza-ziklo azkarragoen bidez.

Degradazioa ulertzea, beraz, bateria bat zergatik zahartu den azaltzea baino askoz gehiago da. Zelula bakoitzak bere historiaren arrastoak gordetzen ditu barruan, eta arrasto horiek irakurtzen ikasteak zahartzea informazio-iturri bihurtzeko aukera ematen du, energia biltegiratzeko sistema sendoagoak, fidagarriagoak eta seguruagoak diseinatzeko.

Bateria baten bizitzaren zati handi bat ikusten ez dugun lekuan gertatzen da. Haren materialek, interfazeek eta osagaiek ziklo bakoitzaren, tenperatura bakoitzaren eta funtzionamendu-baldintza bakoitzaren ondorioak erregistratzen dituzte. Seinale horiek nola bilakatzen diren ulertzeak aukera ematen du prestazio-galeraren aurrean erreakzionatzetik zelulak etorkizunean nola aldatzen jarrai dezakeen aurreikustera igarotzeko. Benetako aukera ez da zahartzea erabat saihestea, baizik eta nahikoa ondo ulertzea, bateriak beren bizitza erabilgarri osoan iraunkorragoak, fidagarriagoak eta seguruagoak izan daitezen.

Cookies on this website are used to personalize content and advertisements, provide social media features, and analyze traffic. You can get more information and configure your preferences HERE