CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, munduko ikertzaile garrantzitsuenen arteko bost jasotzen ditu, Stanfordeko unibertsitateak eta Elsevierrek egindako “Ranking of the World Scientists“ zerrendaren arabera. Azken eguneraketak erakusten duenez, Michel Armand da, oraindik ere, Estatuko ikertzailerik garrantzitsuena Energiaren alorrean, eta munduko seigarren postura igo da. Gainera, 2019ko lana aztertu ondoren, esparru guztiak kontuan izanda Euskal Autonomia Erkidegoko garrantzitsuena da.
Era berean, CIC energiGUNEko Biltegiratze Termikoaren Arloko zuzendari zientifikoa, Elena Palomo, Euskadiko garrantzitsuena da, eta Estatuko seigarrena, Ingeniaritza Mekanikoaren eta Garraioaren esparruan. Teofilo Rojo, iaz arte Zentroko Zuzendari Zientifikoa izandakoa, berriz, Euskadiko zientzialari garrantzitsuena da 2019an Kimika Inorganiko eta Nuklear arloan.
Stanfordeko Unibertsitateko zerrenda entzutetsuan jasotako CIC energiGUNEko zientzialari taldea Javier Carrascok, modelatze eta simulazio konputazionalaren arloko taldeko liderrak, eta Fisika Kimikoaren arloan Euskadiko hirugarren ikerlari garrantzitsuena denak; eta Heng Zhangek, elektrolito polimerikoen baterien arloko taldeko liderrak, Energia arloko Euskadiko laugarren zientzialari garrantzitsuenak osatzen dute.
Kaliforniako erakunde ospetsuaren zerrenda argitaratutako ikerketen eraginaren arabera egiten da, hainbat faktore kontuan hartuta, egilekidetza edo auto-aipamenen ehunekoa, besteak beste, eta baita indexatutako argitalpen zientifikoen eraginarekin zuzenean lotutako parametro normalizatu batzuen analisi konbinatua ere. Azterlanak profesionalen ibilbide profesional historikoaren ikuspegia ematen du eta baita aztertutako azken urtean egindako lan espezifikoarena ere, kasu honetan 2019koa.
Ildo horretan, azpimarratu behar da komunitate zientifikoak, egoera solidoko baterien “aitatzat” eta litio ion konbentzionaleko teknologia askoren –2019ko Kimikako Nobel Saria merezi izan duenarena, besteak beste– “ideologotzat” hartzen duela Michel Armand. 2019an mundu-mailako erreferentziazko posizioa sendotu du. Planeta osoan aztertutako 7 milioi profesionalen artean, 6. postuan dago Energiaren eremu espezifikoan, eta 223. postuan zerrenda orokorrean. Halaber, Euskadiko liderra da arlo guztiak kontuan izanda, eta Estatu osoko hirugarrena.
1946an Frantzian jaiotako Michel Armandek 80ko hamarkadaren amaieran hasi zuen litiozko bateria birkargagarriei buruzko ikerketa –polimero solidozko elektrolitoarekin duen konbinazioaren bitartez–. Lan horiek, erlazionatutako teknologia nagusien garapenerako aukera eman dute, ibilgailu elektrikoarena, besteak beste. Gaur egun, CIC energiGUNEko elektrolito solidoen ikerketa sailaren arduraduna da, eta bertan, etorkizuneko ibilgailu elektrikoek eramango duten egoera solidoko bateria lortzera zuzendutako lan taldea koordinatzen du.