CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, Hidrogeno Garbiaren Europako Aliantzak (ECH2A) bere mahai-inguruetan parte hartzeko hautatua izatea lortu du. Bertan, aliantzaren ibilbide-orria zehazten da eta lehentasunak eta tipologia ezartzen dira. Zehatzago esanez, euskal zentroak eraikuntzako mahaian parte hartuko du, eta bertan, hidrogenoaren teknologia etxebizitzetan, merkataritzan eta industrian aplikatzeko proiektuak sartuko dira.
“Sektorearen aurreikuspenen arabera, 430.000 milioi euroko inbertsioa egin beharko da 2030era arte erabiltzaileen eskaerari erantzuteko, industriako erabiltzaileen eskaerari batez ere, eta, ondorioz, beharrezko azpiegiturak garatzeko”, ziurtatu du Raquel Ferret CIC energiGUNEko Negozio Garapeneko zuzendari eta zentroak Aliantzan eta Eraikuntzari buruzko mahai-inguruan duen ordezkariak. “Aurreikuspen hori kontuan hartuta, “rountable” horietan dugun presentziak erreferentziazko aktore gisa jartzen gaitu Euskadin eta Estatu osoan”, adierazi du Ferretek.
Raquel Ferret CIC energiGUNEk Aliantzan duen ordezkari nagusiak azpimarratu duenez, “Aliantza osatzen duten sei mahai-inguruetako batean parte hartzen duen BRTAko kide bakarra gara”. “Roundtable” horietako euskal presentzia Iberdrolarekin (Ekoizpen Mahaia) eta Repsolekin (Energia Mahaia) osatzen da. Gainera, Idom, Energiaren Euskal Erakundea (EEE) eta Tecnalia Research & Innovation ere Aliantzako bazkideak dira.
European Clean H2 Alliance (ECH2A)
ECH2Aren helburua 2030erako hidrogenoaren teknologien hedapena sustatzea da, hidrogeno berriztagarriaren ekoizpenarekin eta karbono-emisio txikiekin lotutako sektoreen garapena erraztuz. Halaber, industriaren, mugikortasunaren eta beste sektore batzuen eskaria dinamizatu nahi du, eta hidrogenoaren transmisioa eta banaketa ziurtatu.