Daniel Bielsa, CIC energiGUNEko negozio-garapen arloko Key Account Managerra, biltegiratze termikoa nola bihurtu den trantsizio energetikoaren funtsezko osagai aztertzen du. Elkarrizketa honetan hiru ildo estrategikoren papera azaltzen du —ETES industria-beroa deskarbonizatzeko, ziklo termo-kimikoak hidrogeno berdea ekoizteko eta PCM malguak kudeaketa termiko eraginkorrago baterako—, eta horiek zentroa industriari aplikatutako energia-berrikuntzaren erreferente gisa kokatzen dute.

1. Zergatik bihurtzen ari da biltegiratze termikoa trantsizio energetikoaren ardatz nagusi?
Biltegiratze termikoa funtsezkoa da, beroak munduko energia-kontsumoaren erdia ordezkatzen duelako eta, neurri handi batean, oraindik erregai fosilen mende dagoelako. Energiaren bero moduan biltegiratzea eta kudeatzea ahalbidetzen duten teknologiak izateak aukera ematen digu prozesu industrialak elektrifikatzeko, berriztagarriak hobeto aprobetxatzeko eta gaur egun deskarbonizatzea zailak diren sektoreetan emisioak murrizteko. Gaur egun badira soluzio komertzialak bero-kantitate handiak tenperatura altuko tarteetan modu oso eraginkorrean biltegiratzeko gai direnak, eta ez dira ez garestiak, ez bolumetsuak.

2. Ardatz nagusietako bat bero industriala deskarbonizatzeko ETES garatzea da. Zer paper jokatu dezakete prozesu honetan?
ETES (Electrothermal Energy Storage) sistemek elektrizitate berriztagarria bero bihurtzen dute modu kontrolatuan, eta eskariaren arabera entregatzeko biltegiratzen dute. Teknologia hau oso itxaropentsua da, gas bidezko galdarak eta labeak ordezka ditzakeelako kimikan, altzairuan edo zementuan bezalako industrietan. Gainera, malgutasuna eskaintzen dute: soberakin berriztagarria dagoenean elektrizitate merkea xurgatu dezakete, eta bero gisa itzuli behar denean. Epe laburreko erronka teknologikoak CAPEX murrizteko beharrarekin lotuta daude, merkatu askotan elektrizitatearen prezioa erregai fosilen gainetik baitago. Hala ere, erronka nagusia maila erregulatzaile globalean dago: ETES aktibo estrategiko gisa aitortu behar dira trantsizio energetikorako, beharrezko laguntza jasoz eta integrazioa errazteko mekanismoak aktibatuz.

3. CIC energiGUNEk hidrogeno berdea ekoizteko ziklo termo-kimikoak ere ikertzen ditu. Zein abantaila eskaintzen dituzte beste bide batzuen aldean?
Ura disoziatzeko erreakzio termo-kimikoak aukera ematen digu hidrogenoa sortzeko elektrizitatearen ordez bero solar kontzentratuarekin edo industriako hondar-beroarekin. Horrek aukera irekitzen du kostu baxuko hidrogeno berriztagarria sortzeko, sare elektrikoa gainkargatu gabe. Oraindik garapen-fasean dagoen teknologia da, baina potentzial handikoa, eraginkortasuna konbinatzen duelako jada tenperatura altuetan lan egiten duten prozesu industrialetan integratzeko gaitasun naturalarekin. Epe luzera, eskala handian hidrogeno berdea sortzeko biderik lehiakorrenetako bat bihur liteke.

4. Beste ardatz batera pasatuz, zer ekarpen egiten dute PCM malguek kudeaketa termikoan?
Fase-aldaketa materialak (PCM) oso erabilgarriak dira, beroa tenperatura ia konstantean biltegiratzen eta askatzen dutelako. Horrek ezin hobeak bihurtzen ditu kudeaketa termikoko aplikazioetan, non garrantzitsua baita gailuak tenperatura-tarte mugatu batean mantentzea —elikagaiak, bateriak edo telefono mugikorrak bezalakoetan—. Orain berrikuntza PCMak malguagoak eta moldakorragoak egitean datza, konfigurazio ezberdinetan integra daitezen eta elikadura, farmazia edo baita elektronika bezalako sektoreen eskakizunei erantzuteko gai izan daitezen. Soluzio mota honek biltegiratze trinko, arin eta askoz moldakorrago baterako bidea irekitzen du.

5. Nola lotzen da guzti hau CIC energiGUNEren misioarekin?
CIC energiGUNEn biltegiratze termikoaren balio-kate osoa estaltzeko lan egiten dugu, materialetan ikerketa fundamendutik hasi eta industriarako transferentziaraino. Gure zeregina potentzial erreala duten teknologiak identifikatzea da, enpresekin elkarlanean heltzea eta merkatura iristea bizkortzea. ETES, PCM eta ziklo termo-kimikoekin trantsizio energetikoan giltzarri izango direla uste dugun hiru ardatz lantzen ari gara: beroa deskarbonizatzea, kostu baxuko hidrogeno berriztagarria ekoiztea eta energia termikoa modu eraginkorragoan kudeatzea.

6. Zein oztopo geratzen dira teknologia hauek finkatzeko?
Bakoitzak bere erronkak ditu: ETESen kasuan, kostuak eta laguntza erregulatzailea; ziklo termo-kimikoetan, materialen egonkortasuna eta eskalatzea; eta PCMetan, tenperatura-tartea zabaltzea eta iraupena hobetzea. Baina garrantzitsuena merkatuaren konfiantza sortzea da: frogatzea fidagarri funtzionatzen dutela, lehiakorrak direla eta prozesu errealetan integra daitezkeela. Jauzi hori ari gara bultzatzen zentrotik.

7. Zein mezu bidaliko zenioke industriari biltegiratze termikoari eta etorkizun energetikoan izango duen paperari buruz?
Ez dezatela ikusi bigarren mailako aukera gisa, baizik eta tresna estrategiko gisa. Biltegiratze termikoak epe labur, ertain eta luzean emisioak murrizteko, kostuak txikitzeko eta produkzio-prozesuei malgutasuna emateko irtenbideak eskaintzen ditu. Energia gero eta berriztagarriagoa eta deszentralizatuagoa izango den testuinguru batean, beroa modu adimentsuan kudeatu eta aprobetxatuko duten teknologiak izatea funtsezkoa izango da.

Cookies on this website are used to personalize content and advertisements, provide social media features, and analyze traffic. You can get more information and configure your preferences HERE