Izan ere, gobernuek emisio kutsagarriak murrizteko egiten duten presioa dela eta (Europako Batzordeak nahi du herrialdeek 2050erako karbono dioxido (CO2) emisioak 1990eko mailekin alderatuta % 80 murrizteko konpromisoa hartzea), baterien errendimenduaren hobekuntzekin eta horien kostuaren murrizketarekin batera, ibilgailu elektrikoaren garapenaren erritmoa bizkortzen ari da.
Hala ere, baterien industriarako aukera hori erronka bat ere bada, ibilgailu elektrikoen fabrikatzaileen eta kontsumitzaileen itxaropen handiak direla eta. 2025erako ibilgailu elektrikoaren prezioa errekuntza-auto batena bezalakoa izatea espero da; horregatik, OEMek gero eta prezio baxuagoak eskatzen dituzte, gidatzeko autonomia handiagoa (hau da, bateriaren dentsitate energetiko handiagoa), azkar kargatzeko aukera, eta, jakina, iraunkortasuna eta segurtasuna.
Hori dela eta, automobilgintzako bateria aurreratuen aldeko apustua egitea beharrezkoa da.
Eta Europak paper garrantzitsua hartu nahi du lasterketa honetan. Hori dela eta, 2018an Batteries 2030+ ekimena abiarazi zen, Kristina Endströmek gidatuta. Ekimen horrek baterien esparruan erreferenteak diren Europako erakundeen lana du, eta horien artean dago, noski, CIC energiGUNE.
Ekimen horrek etorkizuneko bateriak garatzearen alde egiten du, automozioko bateria aurreratuak barne, Europak % 3ko merkatu-kuota izatetik (2018ko datuak) % 25ekoa izatera igaro dadin 10 urtean. Etorkizuneko bateriak garatzeko, Batteries 2030+ taldeko kideok bateria seguruagoen, jasangarriagoen eta bizi-ziklo handiagoaren aldeko apustua egiten dugu.
Aurreko helburuak lortzeko, aliantza honetako kideok honako hauetan oinarritzen gara: baterien materialen aurkikuntza bizkorra, funtzionalitate adimendunen integrazioa eta gelaxken prototipatu aurreratua.