Ildo beretik, Europako herrialde batzuk hidrogenoaren eta ibilbide-orrien estrategia nazionalak hedatzen ari dira (Portugal, Austria, Italia, Bégica, Frantzia, Alemania, Herbehereak, etab.).
Horietan, adibidez, hidrogeno berdea ekoizteko teknologiaren buru izan nahi da, hau da, energia berriztagarriak erabiliz elektrolisi bidez ekoizten dena; hidrogeno urdinean ere interes berezia jartzen da, hidrokarburoak berrituz eta CO2 atzituz lortzen dena; lurreko garraio astunaren eta berriztagarrien integrazioaren aldeko apustua egiten da; eta hidrogenoa biltegiratze-sistema gisa giltzarri izango dela adierazten da.
Italiak hidrogenoaren hub gisa kokatu nahi du bere burua. Eta Horizon 2020ko Green deal programaren egungo deialdian Alemania eta Herbehereak presentzia nabarmena izango luketen arloak igar daitezke. Izan ere, 2018. urtearen amaieran, beste hamar urterako Hidrogenoaren eta Erregai-pilen Teknologien Berrikuntzarako Programa Nazionalaren bigarren fasea onartu zuen Alemaniak, 1.400 milioi euroko finantzaketarekin, hidrogeno-zerbitzuguneetarako, erregai-piladun ibilgailuetarako eta mikrokogenerazio-erosketetarako sorospenak barne. Finantzaketa hori inbertsio pribatuko bi mila milioi eurorekin osatuko da.
Ez dira ahaztu behar hidrogenoari lotutako IPCEI- Important Projects of Common European Interest delakoak ere.
Ekintza horiek hidrogenoaren balio-katearen alderdi industrialen bat estali behar dute, eta enpresen eta herrialdeen arteko lankidetza eskatzen dute. Helburua da produktuak eta zerbitzuak garatzea industria-eskaintza lehiakor baterako, hidrogenoaren eta/edo lotutako azpiegituraren erabilerak hedatuta.
Irismenak ildo pilotuaren ondorengo etapetatik heldu behar dio, etapa esperimentala edo probakoa barne, baina ez masa-ekoizpenetik. Izaera berritzaile handiko proiektuak dira, garrantzi handikoak, eta etekinak ez dira mugatu behar enpresetara edo zuzenean interesa duen sektorera. Hau da, proiektu horiek eragina izan behar dute beste sektore eta merkatu batzuetan.
Espainian, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, 2021-2030 Energia eta Klimaren Plan Nazional Bateratuaren (PNIEC) esparruan, kontsultara atera du "hidrogeno berriztagarriaren ibilbide-orria", eta bektore hori klima-neutraltasuna lortzeko giltzarri gisa identifikatzen du.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen Saila, Energiaren Euskal Erakundearen bidez, arlo horretako estrategia garatzen ari da.
Bestalde, Iberdrolak asmo handiko proiektu bat abiarazi du Puertollanon, H2 berdea urtean 400 t ekoizteko. Iberdrolak uste du elektromugikortasuna duen agertoki mistoa dela, baterietan eta hidrogenoan oinarritua, distantzia luzeko garraio astunerako alternatiba gisa.
CIC energiGUNEn, iraunkortasunarekin dugun konpromisoaren barruan, hidrogenoaren arloan lan egiten dugu.
Zentroan hidrogenoaren ekoizpenari buruz ikertzen dugu, ura eta beroa erabiliz. Azken helburua hidrogenoa errendimendu handiarekin eta kostu onargarriekin ekoiztea da.
Erreakzio horiek sortzeko, industria-hondakin ugariak erabili nahi dira, eta horrek ekonomiaren zirkulartasunari laguntzen dio. Gainera, ikerketa laneko tenperatura baxuetan gertatzen diren erreakzioetan oinarritzen da, eta horiek bero-iturri erabilgarrien aniztasun handia eragingo lukete. Horrek industria askoren hondar-beroa energia-balio handiko erregai garbi bihurtzeko atea irekitzen du.
Duela gutxi, Energiaren Nazioarteko Agentziak 2008ko krisialditik ikasitako ikasgaiak eta COVID-19aren krisiarekiko paralelismoa aztertu zituen. Azterketa horretan, IEAk argudiatu zuen 2008ko krisian indartuta atera ziren herrialdeak eta konpainiak berriztagarrien aldeko apustua egin zutenak izan zirela.
Paralelismo hori ezarrita, IEAk hidrogenoa eta energia biltegiratzea gomendatzen ditu COVID-19ren krisitik indartuta ateratzeko, eta ez dago zalantzarik krisitik irteteko eta trantsizio energetikorako palankak izango direla.