CIC energiGUNE, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroa, Europako egoera solidoko baterien balio-kateko hamahiru “I+G eragile garrantzitsuetako” bat da, Europako Batzordeak “Automobilgintzarako egoera solidoko bateriak” proiektuaren barruan eskatutako txostenak jasotzen duenez.
Gainera, CIC energiGUNE buru den proiektuetako bi, SAFELiMOVE eta HIGREEW proiektuak “Bateria Jasangarrietarako Ikerketa eta Berrikuntza” txostenean sartu dira, Europan egiten diren Bateriek EBk eskatzen dituen jasangarritasun-baldintzak lortzen laguntzen duten ekimen nabarmen gisa. Horizon2020 proiektu sorta horren parte da, halaber, euskal zentroa funtsezko bazkide duen SUBLIME ekimena.
“Automobilgintzarako egoera solidoko bateriak” txostena Alemaniako Fraunhofer Institute of Systems and Innovation Research erakundeak egin du, eta ibilgailu elektrikoetarako egoera solidoko Li-ion baterien ikerketaren eta garapenaren Europako testuingurua aztertzen du modu espezifikoan. CIC energiGUNEz gain, Frantziako, Alemaniako, Herbehereetako eta Belgikako beste hamabi erakunde garrantzitsau agertzen dira zerrendan.
CIC energiGUNEren presentzia indartu egin da, gainera, SAFELiMOVE proiektua eremu horretako Europako ekimen nagusien zerrendan sartu delako. SAFELiMOVEren buru CIC energiGUNE da, eta helburua egoera solidoan dagoen elektrolito batean oinarritutako teknologia berri baten garapena ikertzea da, litiozko bateria seguruagoa, fidagarriagoa eta prestazio altuagokoa sortzeko. Proiektu-zerrenda horretan 8 proposamen baino ez dira sartu, eta bateria-gelaxken belaunaldi berria egoera solidoan ikertzen duen eta euskal zentroa funtsezko bazkidea den SUBLIME ekimena horietako bat da.