Michel Armand, CIC energiGUNEko, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroko ikerlaria, Clarivate Analytics enpresak urtero egiten duen “Highly Cited Researchers” (Ikerlari Aipatuenak), zerrenda ospetsuan sartu da bigarren urtez jarraian. Zerrenda horrek, urte batean beraien arloan gehien aipatzen diren lanen %1 egin duten ikerlariak biltzen ditu.
“Michel Armand zerrenda horretan egoteak energiaren alorreko munduko ikerketaren abangoardian jartzen du CIC energiGUNE”, adierazi du Nuria Gisbert Zentroko Zuzendari Nagusiak. “Gainera, ezin dugu ahaztu Michel Armand ikerketari eta bikaintasun zientifikoari eskainitako bizi-eredua dela, eta eredu horren esperientziak lidergorako ateak irekitzen dizkigula ibilgailu elektrikoaren arlo erabakigarrian”.
Alde horretatik, nabarmentzekoa da aurtengo zerrendan 26 Nobel saridun daudela, aurten saria jaso duten hiru barne (Emmanuelle Charpentier eta Jennifer A. Doudna, Kimikan; eta Reinhard Genzel, Fisikan). Guztira, mundu osoko 6.167 ikerlari daude zerrendan, eta horietako 103 Estatu espainiarreko erakundeetan aritzen dira, Michel Armand, besteak beste. Komunitate zientifikoarentzat, munduko zerrenda honetan agertzea ohore bat da, eta nazioarteko erreferentzia argia da profesional baten ikerketa arloko bikaintasunerako.
Michel Armand Highly Cited Researchersen egotea bat dator azken urteetan jaso dituen aintzatespenekin. Stanfordeko Unibertsitatearen ustez, Estatuko ikertzailerik garrantzitsuena da energiaren arloan, eta halaxe adierazten da munduko 100.000 zientzialari garrantzitsuenen bere zerrendan. Izan ere, patenteak eta ikerketak partekatzen ditu 2019ko Kimika Nobel saridunetako birekin, John Goodenough-ekin eta Stanley Whittingham-ekin, hain zuzen ere, eta nazioarteko komunitate zientifikoak “etorkizuneko baterien hurrengo aita handitzat” jotzen du, elektrolito solidoarekin egindako lanagarentik.