CIC energiGUNE, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroa, emakumeak buru diren Zuzendaritza Zientifikoa duen horrelako lehenengo erakundea da. “Gure plantillaren garapen profesionalaren ondorio naturala da, gizonen eta emakumeen presentzia %50ekoa baita”, adierazi du Asier Urzelai CIC energiGUNEko Pertsonen arloko zuzendariak, eta “harro” agertu da “berdintasunari buruzko azken inkestan plantillaren balorazioa oso ona izan delako; orain, zentroan eta, oro har, gizartean kezka sortzen duten kontziliazioaren zenbait alderdi hobetzeko lan egin behar dugu, COVIDak eragindako krisiaren ondorioz azkartu den telelaneko agertoki honetan nabarmenagoak izan baitira.
Ikerketa Kooperatiboko Zentro bat zuzentzeko ardura bere gain hartu zuen lehen emakumeetako bat izan zen Nuria Gisbert zuzendari nagusiaren iritziz, Zuzendaritza Arloak ezin du ahaztu ikerkuntzaren arloan gero eta emakume gehiago dagoela. “Ez da behartu dugun egoera; hemen lan egiten duten pertsonen errealitateak eta balioak eraman gaituzte agertoki honetara”.
Horrela, zentroak emakume Zuzendari Zientifikoak ditu orain bi ikerketa-arlo nagusietan: termikoan eta elektrokimikan. Nazioartean oso ibilbide ezaguna duen Elena Palomo doktorea, Euskal Herrian ikerkuntzan aritzen den erakunde batean zuzendaritzako postu bat izan zuen lehen emakume zientzialarietako bat izan zen. Gaur egun, Biltegiratze Termikoaren Arloko Zuzendaritza Zientifikoaren arduraduna da.
Biltegiratze Termikoaren Arloko arduradun gisa, Palomo doktorea “Egoera solidoan dauden erreakzio kimikoak", "Fase-trantsizioak eta jokabide kritikoak", "Interfaseak, koloideak eta bitarteko porotsuak" eta “Bero-transferentziaren areagotzea" ikerketa-taldeen arduraduna da. Era berean, Europako proiektuen kudeaketan parte hartu du, bai zuzendaritzan – 6 proiekturen buru izan da –, bai FP6, FP7 eta H2020 esparru-programen ebaluazioan, eta lan hori sektoreko industriarekin uztartu du, 20 proiektu baino gehiago zuzendu baititu enpresekin.
Duela denbora gutxiagokoa da Montse Casas-Cabanas doktorea CIC energiGUNEko zuzendaritza taldean sartu izana. 2020. urtearen hasieratik, Energia Elektrokimikoaren Biltegiratze Arloko koordinatzaile zientifiko kargua betetzen du, zentroan hainbat urtez egindako karrera- eta mentoring-planeko prozesuari amaiera emanez.