Montse Casas Cabanas, CIC energiGUNEko, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta CIC energiGUNE euskal ikerketa-zentroko, ikertzailea, eta Gonzalo Jiménez Osés, CIC bioGUNEko zientzialaria –biak ere Basque Research & Technology Alliance-BRTAkoak–, “2021eko Ikerlari Gaztea” sariko “Taldeko liderra” modalitatean saritu ditu Espainiako Kimikako Errege Elkarteak (RSEQ).
Sari horrek, ikerkuntzaren arloko garrantzitsuenetako eta aitortuenetako batek, Espainiako kimikako ikerketa-komunitatea ordezkatzen duen Elkarte Zientifikoak bi zientzialarien lana berariaz aintzatesten duela erakusten du. Era berean, agerian uzten du I+G+Bren aldeko euskal apustuaren indarra; izan ere, Casas Cabanas eta Jiménez Osés doktoreek RSEQk kategoria horretan ematen dituen lau sarietatik bi lortu dituzte.
Montse Casas-Cabanas 2020 urtearen hasieratik, CIC EnergiGUNEren energia elektrokimikoaren biltegiratze arloko Koordinatzaile Zientifikoa da. Bere ikerketa-lana energiaren biltegiratzearen barruko material funtzionalen diseinuan eta horietan gertatzen diren fenomenoen azterketan oinarritu da, batez ere. Bereziki nabarmentzekoa da egoera solidoaren kimikan eta kristalokimikan duen prestakuntza, eta baita energia biltegiratzeko hainbat teknologiatan duen esperientzia ere. Gaur egun Ikerbasque Research Associate da.
Nabarmentzekoa da baterien industriako ikertzaileek eta profesionalek material kristalinoetako akats lauak kuantifikatzeko eta haien propietateekin korrelazioak ezartzeko erabili duten erreferentzia bihurtu den FAULTS programaren garapenean izan duen parte hartzea eta baita energia biltegiratzeko hainbat teknologiatarako material berrien garapenean egindako ekarpena ere. Casas-Cabanas doktorea Europako hainbat proiekturen eta plan nazionalen IP izan da, eta enpresa-sektorearekin erlazionatutako hainbat proiektutan hartu du parte. Era berean, CIC energiGUNEren koordinatzailea da Erasmus Mundus MESC+ masterrean. Duela gutxi aholkulari zientifiko izendatu du baterien ikerketan Erresuma Batuko garrantzitsuena den “Faraday Institution” programak, ion-sodio teknologietara zuzendutako NEXGENNA proiekturako.
Gonzalo Jiménez Osés Kimikan doktoratu zen Errioxako Unibertsitatean (UR) 2007an. Ondoren, Zaragozako Unibertsitatera joan zen doktoretza ondoko ikertzaile eta irakasle laguntzaile doktore gisa. Ondoren, 5 urtez doktoretza ondoko ikertzaile gisa lan egin zuen Kaliforniako Los Angeleseko Unibertsitatean (UCLA), modelizazio molekularra eta entzima artifizialen diseinua ikertzen, eta han, kolaboratzaile sare zabal bat finkatu zuen nazioko eta nazioarteko ikertzaileekin.
2015ean, Ramon y Cajal ikerlari gisa ibilbide independentea hasi zuen URn, eta 2019tik CIC bioGUNEn jadanik, Taldeburu eta Ikerbasque Research Associate (2020) gisa ari da. Nazio eta nazioarte mailako hainbat ikerketa-proiekturen ikertzaile nagusia izan da. Lankidetza eta diziplina anitzeko izaera nabarmena duen bere ikerketaren emaitza gisa, 100 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu, eragin handiko diziplina anitzeko aldizkarietan ekarpen ugari barne, eta ospe handiko erakundeetan hitzaldi ugari ematera gonbidatu dute (Cambridge, Kyoto, CIQUS, EuChems, ACS). Bere ekarpen berrienetako bat, Nature Chemistry (Efficient Lewis acid catalysis of an abiological reaction in a de novo protein scaffold), aldizkari ospetsuan korrespondentziaren egilekide gisa egindakoa, mugarri bat izan da biokatalizatzaileen bilakaera zuzenduak lagundutako diseinu konputazionalean.