CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak 10 urte bete ditu, egoera solidoko baterien arloan nazioarteko erreferente nagusietako gisa, eta Energia Biltegiratzean Europako hegoaldeko erreferentzia nagusia bihurtuta.
“Ez da batere erraza ia powerpoint bateko ideia izatetik hain denbora laburrean mundu mailan aintzatetsitako erreferentziazko zentro izatera igarotzea”, adierazi du Nuria Gisbert zuzendari nagusiak. “Horrek erakusten du CIC energiGUNEn baditugula erronka globalei ikuspegi integraletik aurre egiteko beharrezkoak diren baliabideak, gaitasuna, prestasuna eta talentua”.
Jardueraren hamar urte hauetan bildutako datuek erakusten dutenez, zentroaren jarduera era esponentzialean hazi da, eta, ondorioz, 75 milioi euroko inbertsio metatua lortu du 2021ean. Gainera, aldi horretan, zentroak 200 proiektu baino gehiagotan parte hartu du, horietatik 32 Europa mailakoak, eta 100 transferentzia-proiektu baino gehiago sortu dira industriarekin lankidetzan. Lantaldeari dagokionez, gaur egun 18 nazionalitatetako 150 pertsonak egiten dute lan Arabako Parke Teknologikoan dauden instalazioetan.
“Hamar urte hauek sendotasun nahikoa eman digute berehalako erronkei arrakastaren berme handienarekin aurre egin ahal izateko”, ziurtatu du Nuria Gisbertek. Horien artean, nabarmentzekoa da baterien arloko produktuen eta zerbitzuen eskaintzan posizionamendu nabarmena duen BCARE lehen spin-offa 2018an abiarazi izana, eta Euskadin egoera solidoko gelaxken gigafaktoria bat martxan jartzeko bigarren spin-offa, BasqueVolt, sortu izana. Testuinguru horretan dago, halaber, hidrogeno berdera bideratutako eremua bultzatzeko erabaki estrategikoa. Horrek, maila guztietan, CIC energiGUNE teknologia horren garapenaren abangoardiako taldean jarriko du.
2021ean, CIC energiGUNEren ikerketa-jarduerak 120 argitalpen berri inguru ekarri zituen –beraz, 700 baino gehiago izan dira zentroa abian jarri zenetik–, eta 4 patente gordailatu ziren. Era berean, iaz hainbat proiektu eraginkor abiarazi ziren, hala nola LIFE HI4S (Heat It yourself For Sustainability), 2021ean onartutako eta CIC energiGUNEk gidatutako proiektu europarra. Ekimen horren bitartez, beroa eta elektrizitatea batera ekoizteko planta berritzailea eraikiko da, siderurgiak arku elektrikoko labe batek botatzen duen kean dagoen hondar-beroa berrerabili ahal izan dezan. Ekimen hori Europar Batasunak finantzatu du 1,5 milioi eurorekin, LIFE programaren bitartez, eta Sestaoko (Bizkaia) ArcelorMittal lantegian prototipo bat instalatzea aurreikusten du.
2020an onartu baziren ere, Europako beste bi proiektu iaz jarri ziren abian. CIC energiGUNE buru den Electro-Intrusión, ibilgailuek edo aparatuek sortutako giroko beroa eta bibrazioak berreskuratzeko, elektrizitate erabilgarri bihurtzeko. Bestalde, e-Protek proteinen gaitasun eroaleak garatzea bilatzen du, teknologia elektroniko tradizionalen alternatiba jasangarri gisa. Ekimen horretan, CIC energiGUNEk CIC biomaGUNErekin batera egiten du lan.
Estatu mailan, zentroak Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren onespena jaso zuen bi ekimenetarako. Metal-aire bateria kargagarri eta jasangarrien belaunaldi berriari atea irekiko dioten katodo eraginkorragoak lortzeko naturan inspiratzen den BioAirBat; eta errendimendu handiko ion-sodio bateriak garatzeko CIC energiGUNEtik koordinatzen den TOPSIDES.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzatik argi berdea eman zitzaien bi proiekturi: zentroak gidatutako CICe2021, Elkartek, etorkizuneko mugikortasunerako bateriak sortzeko lehiakortasun-abantailak ekarriko dituzten material, osagai eta eredu aurreratuen ikerketan eta garapenean zentratua; eta H2Basque, Teknikerrekin eta EHU/UPVrekin elkarlanean Tecnalia buru duena, uretik eta berotik abiatuz hidrogenoaren ekoizpena bultzatzeko.
Industriarako Transferentzia-proiektuei dagokienez, 2021ean CIC energiGUNEk SPRIren Hazitek programan sartutako bi proposamenetan hartu zuen parte: energia berriztagarritik abiatuta, eta Airlan buru dela eraikinetarako klimatizazio-sistema berritzailea garatzea bilatzen duen GeroaPCM; eta Giroa-Veolia buru duen eta material berrien garapena bultzatzen duen sTES, lurrun beroaren biltegiratze-ahalmena hirukoizteko proiektua.