Europa mailako Proiektuen Lidergoa
2020an hiru proiektu europar abiarazi eta gidatu ditu CIC energiGUNEk, EBren Horizon 2020 Programaren barruan. Lehenik eta behin, HIGREEW proiektua, energia berriztagarriko sistemetara akoplatuta, energia biltegiratzeko sistema ekonomikoagoak, prestazio tekniko hobeak dituztenak eta eraginkortasun handiagokoak erabiltzea erraztuko duten bateria organiko eta erredox fluxu % 100 jasangarriak diseinatzeko sortua. Proiektuak 3,7 milioi euroko aurrekontua du, eta EBk diruz laguntzen du.
Bigarrenik, CIC energiGUNE SAFELiMOVE proiektuaren buru da; EBk finantzatutako 8 milioi euro inguruko aurrekontuarekin, etorkizuneko ibilgailu elektrikoarentzat elektrolito solidoa duen litio metalikoaren bateria garatzea du helburu, ahalik eta segurtasun eta eraginkortasun handiena bermatzeko. Zentroaren zeregina ikerketa-prozesu osoa koordinatzea eta elektrolito hibrido berritzaile bat garatzea da, eta baita interfaseen portaera aztertzea ere.
CIC energiGUNE buru duen hirugarren H2020 proiektua ELECTRO INTRUSION da, eta bere helburua sistemek sortutako bibrazioak eta ingurumeneko beroa elektrizitate erabilgarri bihurtzeko berreskuratzea da. Zehazki, proiektuak ibilgailuen motelgailuak elektrizitate-sortzaile bihurtzea ahalbidetuko du, eta 2050ean automobilgintzaren sektorean elektrizitatearen kontsumoa % 4ra murrizten lagunduko du.
SUBLIME Proiektuaren kasuan, CIC energiGUNEk, bateria osatzen duten gelaxken portaera aurreikusteko eta optimizatzeko modelatze konputazional-prozesua gidatzen du, materialik onenak eraginkortasunez hautatzeko. Lan hori funtsezkoa da proiektuaren helburua lortzeko, hau da, elektrolito ez-organikoetan oinarritzen den egoera solidoko bateria-gelaxken belaunaldi berri bat garatzeko. Aurrekontua 7,8 milioi eurokoa da, eta horiek ere Europar Batasunak finantzatuko ditu.
Era berean, zentroa NRG-Storage proiektu europarraren parte da; proiektu horren bitartez, eraikinen isolamendu termikoko material berri bat merkaturatu nahi da, funtzio anitzeko zementu-apar batean oinarritua. CIC energiGUNEren lana NRG apar konposatuen osagai guztien karakterizazioan oinarrituko da.
Azkenik, proiektu europarrei dagokienez, CIC energiGUNEk COFBAT partzuergoan hartzen du parte. Ekimen hori kobaltorik gabeko bateriak, edukiera handikoak, seguruagoak eta iraunkorrak garatzeko sortu da, toki batean finko dauden aplikazioetarako. Mineral hori ezabatzeak merkatu egingo ditu bateria berriak, eta hainbat aplikaziotarako egokiak izango dira, etxe partikularretarako eta gailu robotizatu industrialetarako gero eta energia deszentralizatu gehiago behar baita.
Gogorarazi behar da H2020 deialdian CIC energiGUNEren arrakasta-tasa % 20 ingurukoa dela, Europako (% 15) eta Espainiako Estatuko (% 14,6) batez bestekoaren gainetik.
Bestalde, eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren “2019ko Ikerketa Erronkak” deialdiaren barruan, CIC energiGUNEk hiru proiektu gauzatzeko diru-laguntza jaso du 2020an: sodio-ion baterien lehiakortasuna hobetuko duten material berriak identifikatzera bideratutako NIB MOVE; kobaltorik gabeko dentsitate handiko egoera solidoko bateria sortzea helburu duen 3DACCESS; eta adimen artifizialaren bitartez material berriekin esperimentatzeko prozesua erraztera bideratutako ION SELF.
Bateriaren Europako ekosistema
CIC energiGUNEren posizioa Europa mailan, aipatutako proiektuen bitartez ez ezik, sektoreko foro nagusietan duen presentzia aktiboari esker ere indartu da. Ildo horretan, nabarmentzekoa da BATTERY 2030Plus proiektuko Talde Liderrean sartu dela. Proiektu hori Europako 14 herrialdetako 22 erakundek osatzen dute, ikerketa-erronkei erantzuteko eta etorkizuneko bateriak diseinatzeko, Europari energia trantsizioaren buru izaten laguntzeko. Erakunde hori iazko irailean aurkeztu zen era ofizialean Uppsalako Unibertsitatean (Suedia), eta bateriaren Europako ekosistema eratzeko prozesuan buru izatera bideratuta dago.
Kontinenteko zientzia- eta ikerketa-foro nagusietan egoteko apustu horren ildotik, 2020an CIC energiGUNEk bi erakunde handirekin bat egin du. Alde batetik, European Clean Hydrogen Alliance, hidrogenoaren garapenarekin erlazionatutako balio-kateko eragile guztiekin ekosistema eraikitzeko Europar Batasunak bultzatutako ekimena. Eta, bestetik, European Raw Materials Alliance (ERMA), Europar Batasunak lehengai kritikoen arloan duen mendekotasuna murrizteko, baliabideen eraginkortasuna hobetzeko eta hornidura-iturriak dibertsifikatzeko helburua duena.
CIC energiGUNEko pertsonak
Gaur egun zentroko lantaldea 131 ikertzailek osatzen dute, eta parekotasuna erakusten du generoari dagokionez eta oreka jatorriari dagokionez. Izan ere, profesionalen % 50 Euskal Herritik kanpokoak dira, eta 14 nazionalitate dituzte. Gainera, bertako profesionalek 50 hitzaldi baino gehiagotan parte hartu dute urtean zehar, eta 20 ekitaldi propio antolatu dira. Era berean, industriarekin gauzatutako 53 lankidetza zenbatu dira 2020an.
Uztailean, zentroak bere arlo elektrokimikoko zuzendaritza talde zientifikoa berritu zuen. Montse Casas-Cabanas doktorea izendatu zen koordinatzaile zientifiko berri, eta Roberto Pacios doktorea Koordinatzaile Teknologiko berri. Energia elektrokimikoa biltegiratzeko ikerketa-arloa CIC energiGUNEko lan zientifikoaren zutabeetako bat da, eremu termikoarekin batera. Izendapen horiekin, zuzendaritza taldean ere parekidetasuna lortu du zentroak, eta, beraz, bere jarduketa eremuan berdintasun arloko erreferentziazko eragile da.
Azkenik, aipatu behar da Michel Armand CIC energiGUNEko zientzialaria bigarren urtez jarraian sartu dela 2020an “Highly Cited Researchers” (Ikertzaile Aipatuenak) zerrenda ospetsuan. Zerrenda hori Clarivate Analytics enpresak egiten du urtero, eta bertan, urte batean bere azterketa-eremuan gehien aipatutako lanak idatzi dituzten zientzialarien % 1 sartzen da.